Kinkea elkartasun zozketak 20.000 euroko saria utzi du Gasteizen

Erredakzioa 2020ko ira. 23a, 08:00
Saritutako lau lagunen ordezkari Eli eta Angel, Ikor Kotx argazkilariaren lanekin. / KINKEA

1148 zenbakiak 20.000 euroko saria jaso du Gasteizen, Kinkea elkartasun zozketaren barruan. Etxerat elkarteak 2018an abiatu zuen egitasmoa, euskal presoei laguntza juridiko eta sanitarioan laguntzeko asmoarekin.

Etxerat elkartearen Kinkea zozketak 20.000 euro utzi ditu Gasteizen, Ikor Kotx argazkilariaren Amezketa irudiarekin batera 2020ko udazkenean gauzatutako promozioan: 1148 zenbakia izan da irabazlea.

Urtero lau promozio egiten ditu Etxeratek, eta, guztira, bertako sortzaileen 20.000 artelan inguru saltzen dituzte Euskal Herrian. Lan bakoitza 25 eurotan saltzen da, eta, horrekin, zozketan parte hartzeko txartela lortzen da. Azkenik, zozketaren bitartez, 139 sari banatzen dira: 20.000 euroko sari nagusiaz gain, 5.000 euroko hiru sari, 1.000 euroko hamabost sari, 500 euroko berrogeita hamar sari, eta 100 euroko beste ehun sari.

Saritutako zenbakiak dauzkaten pertsonek 60 eguneko epea izango dute orain Etxerat elkartearen edozein egoitzara hurbildu eta dagozkien sariak jasotzeko. Kinkea.eus webgunean bertan, edozein zalantza argitzeko aukera dago; baita jokoaren arauak eta oinarriak kontsultatzeko ere.

Kinkea, elkartasunaren zozketa

Euskal preso eta iheslarien senide eta lagunei asistentzia, aholkularitza eta laguntza eskaintzeaz gain, 2017. urtetik aurrera, Etxerat elkarteak bere gain hartu zituen presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatzea. Testuinguru horretan, 2018an Kinkea izeneko promozioa jarri zuen abian. Orduz geroztik, urtero gauzatu dira promozioak.

Euskal Herriko hainbat sortzailek ekarpen artistikoak egin dizkiote Etxerati, eta Kinkea promozioak artelan horiek eskaintzen ditu. Artelanak 25 euroren truke banatzen dira, eta horren bitartez egindako diru-bilketa elkartearen jarduera finantzatzera bideratzen du Etxeratek.

Parte hartu nahi duten lagunek 628 40 52 43 telefono zenbakiaren bitartez harremanetan jartzeko aukera dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide