Sarea eta gazteak, Zurrumurruen aurkako Estrategiaren aurtengo oinarriak

Erredakzioa 2020ko ira. 22a, 10:30
2020ko Zurrumurruen aurkako Estrategiaren aurkezpena. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Zurrumurruen aurkako Estrategiaren ahaleginak internet bidez haztera eta gazteengana iristera bideratuko dira ikasturte honetan. Besteak beste, zurrumurruen kontrako escape room bat antolatu dute Gauekoak programarekin batera.

Duela hiru urte sortutako Zurrumurruen kontrako Estrategiaren aurtengo helburu nagusia sarea sendotzea izango da. Horretarako, sare sozialak eta interneteko plataformak baliatuko ditu, eta gazte zein adinekoen eskutik egingo du bidea.

Dagoeneko aurkeztu dute datozen hilabeteetarako programazioa, baita aurreko ikasturtean egindakoaren balorazioa egin ere. Besteak beste, irailaren 25ean eta 26an, zurrumurruen kontrako escape room bat antolatu dute Gauekoak programarekin elkarlanean. Udalak Estrategiaz informatzera gonbidatu ditu herritarrak, eta, nahi izanez gero, hiriko agenteen sareetan parte hartzera.

Udalaren webgunean, zurrumurruen kontrako formulario bat dago eskuragarri 2019ko uztailetik, estrategian parte hartu nahi duen pertsona edo entitate orok betetzeko; eta informazio gehiago ere topatu daiteke bertan.

 

Hiru urteko lana

Gasteizko Udalak 2017tik sustatzen du Zurrumurruen kontrako Estrategia, hainbat pertsona, entitate eta erakunderekiko lankidetzan, Bizikidetza eta Aniztasun Plana abiapuntu gisa; beste ekintza batzuk ere bultzatzen dira.

Duela hiru urte hasi zen estrategia ezartzen Gasteizen. Geroztik, oinarrizko prestakuntza eta prestakuntza aurreratua eskaini zaie herritarrei arreta ematen dieten eta haientzako programazioak kudeatzen dituzten udal langileei, eta baita alor guztietako elkarteetako kideei zein estrategiaren agente gisa jardutea erabakitzen duten herritarrei.

Zurrumurruen kontrako agenteak

Agente horiek osatzen dituzten sareek sentsibilizazio-ekintzak diseinatzen dituzte, auzoetan garatzeko. Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak laguntza ematen die, eta AMEKADI entitateak dinamizatzen ditu. Horrez gain, Udala ZAS! Zurrumurruen aurkako Euskal Sarearen kide da, agenteen sare mistoa; administrazioek udalak, aldundiak, EHU edo Eusko Jaurlaritza, besteak beste eta era guztietako gizarte entitateek hartzen dute parte.

Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernandez de Landak eskerrak eman dizkie 2017tik aritu diren zurrumurruen kontrako agenteei. Izan ere, zinegotziaren hitzetan, "gure auzoetan kulturartekotasunaren eta gizarte kohesioaren alde eta bereizkeriaren kontra aritu dira, borondatez, Gasteiz hobea, inklusiboagoa, irekiagoa, eta arduratsuagoa eraikitzearren".

Horrekin batera, "migrazioaz eta atzerritarrez zabaltzen diren estereotipo negatiboak eta zurrumurru faltsuak desaktibatzeko lana" nabarmendu du Fernandez de Landak, "jarrera baztertzaile eta xenofoboak sorraraz ez daitezen, informazioa, prestakuntza eta kontzientziazioa baliatuz".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide