Udazkeneko egitaraua abiatu du Oihanederrek, kultura gosez

Erredakzioa 2020ko ira. 18a, 15:00
Udan aurreikusitako jarduera guztiak egin ahal izan dituzte Oihanederren. / ALEA

Udazkenean ere, kultura edan eta hura babesteko aukera izango dute euskal kulturaren jarraitzaileek. Izan ere, programazio anitza osatu du Oihanederrek, eta irailaren 24ean hasiko da denboraldi berria, Kokein taldearekin. 

Uda aberatsa izan du Oihaneder Euskararen Etxeak, bai jardueren eskaintzari dagokionez, eta baita jendearen erantzunari dagokionez ere: "Jarduera guztiak egin ahal izan dira, eta ikusle ugarik gozatu dute udako egitarauaz; jendea kultura gosez dagoen seinale", uste dute Oihanederreko lagunek.

Programazio oparo horren ostean, ikasturte berria eta udazkena datoz, elkarri lotuta, elkarren beharrean eta elkar hartuta. Urtaro berrirako ere, programazio anitza osatu dute: kontzertuak, ikastaroak, erakusketak, lehiaketak, jardunaldiak, ikuskizunak, filmak eta bestelako deialdiak.

"Kultura balore segurua da pandemiarik arriskutsuenari aurre egiteko eta beldurra uxatzeko", deritzote, eta kultura jorratzeari, hedatzeari eta elkar babesteari heldu nahi diote Oihanederren.

Hortaz, jarduerak doakoak izanik ere, gonbidapena aurrez eskuratu beharko da ohiko moduak erabilita: oihaneder@oihaneder.eus helbide elektronikoan, telefonoz (945 16 18 30 – 615 98 68 32) edota oihaneder.eus webgunearen bidez.

Kokein taldearen 20. urteurrena

Denboraldi berriari hasiera emateko, Kokein talde eibartarraren kontzertu bat egongo da irailaren 24an, taldeak 20 urte bete dituen honetan.

Normalean distortsioa eta soinu gogorra ezaugarri dituzten kantuen bertsio akustikoak egingo dituzte, eta, horretarako, taldea osatzen duten bost kideetatik hiru soilik igoko dira taula gainera: Zaloa, Jatsu eta Iker. Baina elektrikoan bezala azala utziko dute beren kantak emateko orduan.

 
Egitarau osoa

Baina, jakina, inaugurazio kontzertuaz gain, hamaika jarduera egongo dira datorren astetik aurrera eta abenduaren 20ra bitartean:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide