Egun bakarrera mugatuko da Mugikortasunaren Astea Gasteizen

Erredakzioa 2020ko ira. 18a, 13:08
Amaia Barredok aurkeztu du Mugikortasunaren Astearen inguruko programa. GASTEIZKOUDALA

Arabako Diputazioak iragarri du foru garraioa doakoa izango dela irailaren 22an.

Urtero bezala, irailaren 16tik 22ra bitartean egin ohi da Mugikortasunaren Europako Astea. Alta, aurten, osasun egoera dela eta, programa egun bakarrera mugatu da; larunbatean izango da, San Antonio kalean, 11:00etatik 14:00etara. Duela gutxi zenbait hirigintza-jarduketa burutu dira San Antonio kalean, eta horiei esker, pertsonen erabilera lehenesten duen kalea bilakatu da. Horregatik  aukeratu da jardunaldiaren agertoki nagusia izateko. 

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta TUVISAk sustatzen dute jarduera, eta aste honetara arte Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi izan den Amaia Barredok azaldu ditu ospakizunaren inguruko xehetasunak.

Batetik, atzera begiratu eta duela 20 urte Gasteizko garraio publikoa nolakoa zen ikusteko aukera izango da. Mugikortasunaren Astearen barruan hainbatetan egin da ekintza hori, eta aurten TUVISA izango da protagonista.  "Azken hamarkadetan mugikortasun iraunkorraren alorrean Gasteizen izandako aurrerapenez jabetzeko aukera dute herritarrek", esan du Barredok.

"Aurrerapen horren adibiderik onena BEA-autobus elektriko adimentsuaren ibilgailua dugu", adierazi du zinegotziak. Ibilgailua erakusgai jarriko da aipatutako espazioan, nahi duen orok bisitatu ahal izan dezan, eta zuzenean ezagutu garraiobide berriak Gasteizko garraio publikoaren sareari ekarriko dizkion aldaketak.

Trafikoaren antolakuntza berria

Beste espazio batean superetxadiei buruzko informazioa emango da, "Gasteizek mugikortasun iraunkorraren alorrean duen proiektu handietako bat". Informaziogune horretan kontzeptua argituko da, abantailak azalduko dira, horiek osatzen dituzten kale motak bereiziko dira, eta oraingo egoeraren berri emango da. Era berean, "eguzki" kaleak ezagutaraziko dira. Hain zuzen ere, San Antonio kalea da horien eredu.

Beste karpa batean, IGIk mugikortasun iraunkorraren alorrean kudeatu eta bultzatzen dituen programa nagusiak ezagutarazi eta sustatuko ditu, hala nola lanera joateko bizikleta elektrikoen mailegua, edo ibilgailu motordunen ordez karga-bizikleten erabilera sustatzeko kanpaina. Gainera, bi bizikleta elektriko izango dira bertan, herritarrek probatu ditzaten. Halaber, IGI garatzen ari den mugikortasun-proiektuak ezagutzeko aukera izango da.

Foru garraioa doakoa

Autorik gabeko Europako Eguna ospatzeko, datorren asteartean, irailaren 22an, doakoak izango dira bidaiari guztientzat garraio txartel hauek: Arabako Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak diruz lagundutako herri arteko autobus lineetakoak eta eskualdeko garraio zerbitzuaren lineetakoak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide