Alerta gorria piztu du Arabako kulturaren sektoreak

Erredakzioa 2020ko ira. 18a, 11:16

Ekitaldi eta ikuskizunen sektorea kalera atera da, kulturaren alerta gorria pizteko eta "premiazko neurriak" eskatzeko. 430 pertsona bildu dira ostegun honetan Gasteizko Foru Plazan egindako mobilizazio ikusgarrian.

Alerta Gorria mugimendua sortu berri dute ekitaldi eta ikuskizunen sektoreko profesionalek. Irailaren 17an mobilizazioak egin dituzte nazioarteko zenbait hiritan, tartean Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.

Gasteizko mobilizazioan, 430 lagun —tiketak banatu zituzten, edukiera mugatzeko—, Musika-tresnak garraiatzeko kutxak, segurtasun neurriak, mugikorren pantailak gorriz, eta sektorea salbatzeko aldarria. Ehunka pertsona Foru Plazan; norbanakoak, langileak, artistak, elkarteak eta enpresariak.

 
#AlertaGorria

"Sektoreak betidanik, eta batez ere orain kultura isilarazi denean, bizi duen zaurgarritasunagatik sortu da Alerta Gorria. Gure sektorea eta gure beharrak jendartean ikustarazi nahi ditugu", adierazi dute. Izan ere, pandemiaren ondorioz, ekitaldi eta ikuskizunetan lan egiten duten ehunka familia "egoera larrian" bizi direla ohartarazi dute.

#RedAlert, #AlertaRoja edo #AlertaGorria nazioartean sortu den mugimendua da, baina Espainiako estatu mailan ere koordinatzen hasi dira jada, eta, besteak beste, egitasmoaren webgune bat jarri dute martxan. Irailaren 30ean, mundu mailako Global Day bat iragarri dute.

Manifestua

Testuinguru horretan, Sektore osoa, batasun bakarra. Urgentziazko neurriak hartzeko I17 manifestua plazaratu dute. Bertan, sektorearen egoera azaltzeaz gain, hobetzeko neurriak proposatu dituzte.

Are gehiago, bi eskakizun zehatz egin dizkiete Espainiako Gobernuari eta Lan, Ogasun, Gai ekonomikoak, Kultura eta Kirola, eta Industria sailei. Lehenik eta behin, "datozen asteetan" sektore honen biziraupena bermatzeko "urgentziazko neurriak" hartzeko; bestalde, beharrak aztertuko dituen mahai sektorial bat "berehala" sortzeko.

Gauzak horrela, "Estatu mailako sektoreko hitzarmen kolektiboa sortzeko negoziazio prozesua martxan jartzeari lehentasuna" ematea proposatu dute.

Sektorearen "erreskatea" gauzatzeko premiazko neurri batzuk proposatu dituzte ere; kontuan hartu dituzte langile autonomoak, besteren kontura aritzen diren langileak, enpresak eta sektorea bera, bere osotasunean. Aldarrikapenetako batzuk honako hauek dira: autonomoei jarduera bertan behera uzteagatik ematen zaien prestazio berezia luzatzea, edukieren %100 berreskuratu arte; PFEZaren kenkariak; enpresek enplegu-erregulazioko espedienteak ezinbesteko arrazoiengatik erabili ahal izatea edukierak berreskuratu arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide