Orain Gasteiz

Judimendi, Adurtza eta Salburua auzoetara zabalduko da superetxadien plana

Erredakzioa 2020ko ira. 17a, 17:10
Maiatzean inauguratu zen Judimendiko Tornay Medikuaren Plaza. / @Gorka__Urtaran

Santa Luzia, Jose Uruñuela, Dultzaina eta Mariano San Miguel Musikariaren kaleak izango dira Gasteizko Udalaren estrategiaren hurrengo geltokiak. Salburuko sektore batean ere esku hartzea aztertzen ari dira.

Gasteizko Udalaren superetxadien plana aurrera doa, eta berehala iritsiko dira lan berriak: Judimendi auzoan, Santa Luzia eta Mariano San Miguel Musikariaren kaleetan; eta Adurtzan, Jose Uruñuela eta Dultzaina kaleetan.

Horrez gain, Brusela hiribideak, Deba Arroaren kaleak eta Salburua bulebarrak mugatutako sektore batean esku hartzea aztertzen ari dira, Salburua auzoan. Zabalganeko Ilustrazioaren hiribidean ere esku hartzea aurreikusi dute, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok arloko batzordean jakinarazi duenez.

Barredok gogora ekarri duenez, auzoz auzo zehazten ari dira jarduketak, espazioak baketzeko, trafiko masiboa moteltzeko eta soberako trafikoa aparkalekuak kendu gabe kanpora ateratzeko. Zinegotziaren ustez, superetxadiak "aukera paregabea dira merkataritza dinamizatzeko, oinezkoentzat egokitu diren guneetan egiaztatu ahal izan denez"; izan ere, Antso Jakitunaren kalean, Santa Barbara plazan eta, berriki, Tornay Medikuaren kalean antzeko lanak egin dira.

Orain Gasteiz plana eta espazio publikoa

"Espazio publikoa beste modu batean kudeatzeko ari gara lanean. Esku hartze horrek irauteko asmoa du, hirian espazio publiko berria eratzeko xedez", nabarmendu du zinegotziak.

Gasteizko Udalak hiria normaltasun berrira egokitzeko abiatutako Orain Gasteiz planak ia auzo guztietan esku hartzeak martxan jartzea proposatu zuen. Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana oinarri hartuta, hiru eremutan diseinatu ziren neurriak: espaloiak zabaltzea, bizikleta-konexioak hobetzea, eta identifikatutako superetxadietan jarduketak garatzea.

Plana betetzeko 400.000 eurotik gorako inbertsioa egingo da, eta, zehazki, 8,5 kilometro espaloi eta 8 kilometro bizikleta-bide berri sortzea aurreikusi da, superetxadietan egingo diren esku hartze horiez gain.

Maiatzaren hasieran ekin zitzaien lanei, hiriko kale jendetsuenetan: hasieran, Manuel Iradier eta Florida kaleetan; ondoren, Frantzia eta Ortiz de Zarate kaleetara zein San Antonio eta Frantzia kaleen arteko bidegurutzera zabaldu ziren; eta, azkenik, Domingo Beltran de Otazu eta Ramiro Maeztu kaleen arteko bidegurutzean, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean, Done Jakue hiribideko zubian (Madril kalearen gainetik), Bake kalean eta Zadorra hiribidean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide