Gasteizko Artium Museoko jendaurreko laguntzaileen zerbitzuko langileek bertan behera utzi dute hilaren 15tik aurrera aurreikusita zuten greba mugagabea. Zerbitzuaren lizitazio berriaren lehiaketa hutsik geratu dela baieztatu eta Kultura eta Kirol diputatu Ana del Valekin batu eta baldintza-agiri adostu bat idazteko konpromisoa hartu ostean erabaki dute grebarekin ez jarraitzea. Zerbitzu horren kudeaketan ardura duen Magma Cultura enpresako langile Trini Barroso Rubiok gaur egungo egoeraren berri eman du.
Zerbitzuaren lizitazio berriaren lehiaketa hutsik geratu ostean, aurreakordioa lortu duzue Ana Del Val diputatuarekin. Zertan datza?
Hiru puntu ditu lortutako aurreakordioak. Alde batetik, lehiaketa hutsik geratu dela eta, beraz, zerbitzua uztailean argitaratutako pleguetan jasotako baldintzetan ez dela esleituko baieztatzea; bigarrenik, 2018. urtean onartutakoak ordezkatuko dituzten agiri berriak egitea; eta, hirugarrenik, langileen ordezkariekin parte hartzeko bideak eta akordioak irekitzea, osatu beharreko plegu berriek haien aldarrikapenak jaso ditzaten. Azken puntu hori oso garrantzitsua da langileentzako, orain arte ez dugulako harremanik izan Artium museoarekin, eta, diputatuaren bidez, azkenean kontaktua izan dezakegulako.
Aspalditik datorren gatazka da pairatzen ari zaretena, ezta?
Uztailaren 15ean, Artium Fundazioaren Batzorde Betearazleak zerbitzuaren lehiaketa berrirako pleguak onartu zituen eta aurrekontua %20 murriztu dela ikusi genuen.
Bai. Bi urtetan egoerak nabarmen egin du okerrera; murrizketa txikiak sufritu ditugu denbora tarte horretan. Hasieran ez ziren oso garrantzitsuak eta egoera modu batean edo bestean mantetzen genuen. Baina, uztailaren 15ean, Artium Fundazioaren Batzorde Betearazleak zerbitzuaren lehiaketa berrirako pleguak onartu zituen eta aurrekontua %20 murriztu dela ikusi genuen. Murrizketa aurrera joanez gero, lanpostuak suntsitu eta baldintzak okertuko lirateke, eta zerbitzuaren kalitateak okerrera egingo luke. Egoerari buelta eman nahian, enpresa esleipendunarekin eta Aldundiarekin harremanetan jartzen hasi ginen orduan.
Bilerez gain, mobilizazioak ere egin dituzue ordutik...
Hala da. Azken bi hilabeteak oso gogorrak izan dira. Uztailean eta abuztuan zehar erabiltzaileen artean gatazka gizarteratzen ibili ginen, eta irailaren 4a, 9a eta 11 greba egunak izan dira. Horrekin lotuta, Ana del Val diputatuarekin hilaren 10ean elkartu eta aurreakordioa bagenuen ere, hirugarren greba eguna mantentzea erabaki dugu erakunde publikoei eta zerbitzuaren ardura izan dezaketen enpresei zerbitzuak duen garrantzia gogorarazteko eta, bide batez, ohartarazteko ez dugula gatazka amaitutzat joko lehiaketaren plegu berriak adostu arte.
Plegu berrien diseinuan parte hartzea eskatzen duzue. Nondik doaz zuen aldarrikapenak?
Gure borroka ez da amaituko zerbitzua aldarrikatutako bermeekin lizitatu arte, eta, hortaz, plantilla osoaren lanpostuak eta baldintzak mantendu arte.
Iragarritako murrizketak ez aplikatzea eta lanpostu guztiak mantentzea exijitzen dugu. Azken hilabeteetan, lan gehiago egin behar izatearekin batera, museoko opari-denda, kontsigna eta bisitarientzako sarbide-kontrola desagertzen joan dira, eta hutsik geratu den baldintza-agiri berrian liburutegi sarrerako langilearen lanpostua ere desagertzen zen. Hori guztia mantendu behar dugu, hamasei langile gara eta guzti horien alde egin behar dugu lan; gure borroka ez da amaituko zerbitzua aldarrikatutako bermeekin lizitatu arte, eta, hortaz, plantilla osoaren lanpostuak eta baldintzak mantendu arte. Ezin dugu ahaztu horrek, aldi berean, kalitatezko zerbitzua bermatuko diela museoa bisitatzen dutenei.
Itxaropentsu?
Oso. Orain arte pasatakoa gogorra izan da, eta hemendik aurrera datorrena ere ziurrenik ez da erraza izango, gatazkak sortuko direlako. Baina aurrerapausu itzela eman dugu eta ezin dugu atzera egin. Harro gaude orain arteko grebak izan duen jarraipenaz, eta gatazka hau ixteko atarian askoz ere ahaldunduago sentitzen gara langile eta kolektibo moduan. Pausuz pausu joango gara, baina argi izan behar dute indartsu gaudela eta gure aldarrikapenak kontuan hartzen ze badira ez dugula arazorik izango berriro ere kalera ateratzeko.