Tokiko konpainiek protagonismo berezia izango dute aurtengo Antzerki Jaialdian

Erredakzioa 2020ko irailaren 16a

Euskal taldeen ordezkariak izan dira gaur Principal antzokian. / Principal antzokia.

Teatro Paraiso, Zanguango eta Pez Limbo taldeen lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Gertu da Gasteizko Antzerki Jaialdia, antzerkizaleen topaleku nagusia. Urriaren 7an altxatuko du teloia, eta abenduaren 21era bitartean hamaika lan eskainiko ditu. Tokiko konpainiek inoiz baino protagonismo handiagoa izango dute aurten, 20 talderen proposamenekin.

Besteak beste, joan den astean kaleko ikuskizun onenaren saria jaso duen Zanguango taldearekin gozatzeko aukera izango da jaialdian. Oraingoan, Aquí va a pasar algo aurkeztuko dute, pertsona guztientzat jolasa aldarrikatzen duen umore-ikuskizuna. Teatro Paraiso taldea ere bertan izango da aurten, Úniko, el Príncipe destronado lanarekin; etxera beste umetxo baten etorrerak lehentasuna galarazi diola sentitzen duen seme bakar baten istorioa kontatzen du. Eta Pez Limbo, Tranpola, Piszifaktoria eta Ekoma taldeen lanak ere igaroko dira OFF Lokal-ek eskaintzen dituen proposamenen artean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, segurtasun-neurri guztiak beteko dira. Saio bakoitzean edukieraren ehuneko 50a beteko dute, eta jendearen artean eserleku bat libre izango da.

Irailaren 21ean hasiko da jaialdirako abonamendu salmenta, eta hilaren 28an sarrerena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago