Gauekoak itzuli da, askotariko programazio berri batekin

Erredakzioa 2020ko ira. 16a, 12:45
Udalak Gauekoak, Xtraklub eta Gazte Klik Klak programak aurkeztu ditu. / GAUEKOAK

Gauekoak programak aisialdirako gune alternatibo, sortzaile, parte-hartzaile eta osasungarriak sortzeko helburuarekin aurkeztu du udazken-neguko denboraldirako egitaraua. ALEA egitasmoaren laguntzaile izango da aurten.

Ikasturte berrian, tokiko kultura eta nortasuna hainbat arlotan indartu eta gazteen parte-hartzerako tresnak eskaini nahi ditu Gasteizko Udalaren Gauekoak aisialdi eta kultura programak aurkeztu berri duen udazken-neguko programazioan. Programa 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.

Doako aisialdia eta "berrikuntza, tokiko kultura eta artistak babestea eta hiriko gazteria osatzen duten kolektibo guztiak barne hartzea" oinarri duen eredu alternatibo bat ahalbidetu nahi izan dute. Horretarako, programazio berritzailea proposatu dute aurten, tailerrak, musika, kirola eta sorkuntza uztartuz.

Jarduera bakoitzean, hezitzaileak "funtsezko" elementua izango da, eta hainbat esparrutan erreferenteak diren pertsonak batu dira programara. Besteak beste, Eider Iturriaga Berri Txarrak taldeko argazkilaria, argazkigintza tailerrean; Ximon Agirre, Eskean Kristo edo Belako bezalako taldeen kartel eta bideoen sortzailea, diseinu grafikoko tailerrean; edota Juan Ibarrondo, Martxoak 3 filmaren gidoilaria, gidoi tailerrean. Gainera, Iris Audiovisual, Desikaskuntzarako Gunea (Espacio de Desaprendizaje) edo Oihaneder Euskararen Etxea bezalako elkarteekin elkarlana bilatu dute.

ALEA laguntzaile

Arabako ALEAren laguntza izango du aurten Gauekoak programak, eta, besteak beste, aurrerantzean antolatzen diren ekimen guztiak Euskararen Agendan azalduko dira eta Gauekoak atal berezia sortu da ALEAren komunitate digitalean.

Hamaika jarduera

Denboraldi honetako aliatu garrantzitsua Gasteizko Jimmy Jazz aretoa izango da. Izan ere, elkarlanean arituko dira Gazte Talent talde gazteen lehiaketaren V. edizioan. Gainera, ostiral honetan, irailaren 18an, denboraldiari hasiera emango diote bertan, Birkit eta Vulk taldeen aurkezpen kontzertuarekin.

Musikari dagokionez, M-fest! jaialdi ezagunarekin jarraituko dute, gehienbat emakumez osatutako taldeekin. "Inposaketarik gabeko espazio bat sortu, eta, horrela, oro har gizonek okupatzen dituzten espazioetan emakume musikarien parte hartzea bultzatu, normalizatu eta ikusarazteko" helburua du M-fest! jaialdiak.

Sorkuntza proposamenak ere ez dira atzean geratu, eta, Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean, Hizki Laburren Lehiaketa kontakizun laburren lehiaketa antolatu dute, gazteen aisialdian euskararen erabilera sustatzeko.

Zinema ahaztu gabe, Iris Audiovisual elkarteak bultzatutako Udazken Fest jaialdian, gazteek ekoiztutako zinemaren azken joerez gozatzeko aukera egongo da: Voragine web sailaren kapitulu pilotua estreinatuko da, eta Samantha Hudson, una historia de fe, sexo y electroqueer dokumentala emango dute.

Azkenik, kirol jarduerei dagokienez, Boulder tailer bat proposatu dute, Donnay Anaien eskutik. Rokodromoan edo harkaitzetan egin beharrean, Gasteizko Alde Zaharreko paretak baliatuko dituzte eskalatzeko.

Egitarau osoa

Izena ematea behar duten jardueretan, email bat bidali beharko da info.gauekoak@gmail.com helbidera: mezuaren gaian ekintzaren izena zehaztu eta, beharrezkoa denean, txanda adierazi. Horrez gain, mezuan izena eta abizena, adina, telefono zenbakia eta NAN zenbakia zehaztu beharko dira:

Bestalde, jarduera ireki ugari daude, eta horietako gehienetan ez da beharrezkoa aurretik izena ematea:

Musika
Sorkuntza
Kirola
Aisia

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide