Irailaren 13ko goizaldean, udaltzainek 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Judimendi auzoko etxebizitza batean, genero indarkeriaren delituaren ustezko egile gisa.
5:00ak aldera, bikote baten arteko eztabaidaren berri izan ondoren, Udaltzaingoaren hainbat patruila bertaratu ziren. Emakumeak aurpegian lesioak zituela baieztatu eta gero, gizonezkoa atxilotu zuten. Ustezko erasotzailea igandean bertan geratu zen epailearen esku.
Beste atxilotu bat ostiralean
Horrez gain, ostiral arratsaldean, 32 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten. 14:00ak aldera, Udaltzaingoak patruila bat bidaltzeko eskaera jaso zuen; itxuraz, gizonezko baten eta emakumezko baten artean eztabaida gogorra gertatzen ari zen Jacinto Benavente kaleko etxebizitza batean.
Iturri polizialen arabera, esku-hartzean, gizonezkoak behin eta berriro uko egin zion erantzuteari eta identifikatu ahal izateko datuak emateari, eta udaltzainei eraso egin zien ere. Horrenbestez, gizona atxilotu egin zuten, agintaritza-agenteekiko erresistentzia eta desobedientzia delituen ustezko egilea izateagatik.
Guardiako Epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren, aske utzi zuten.
Sexu-askatasunaren aurkako delitu gehiago
Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeak jasotako azken datuen arabera, sexu-askatasunaren aurkako delituek %3,5 egin dute gora EAEn, eta, uztailera arte, 205 emakumeren sexu-askatasunaren kontrako 210 eraso zenbatu ziren. Iazko urtarriletik uztailera bitartean salatutakoen aldean, %6ko igoera izan da; 198 eraso salatu ziren 2019ko lehenengo seihilekoan.
Lurraldeka, mota horretako delituen biktima izan diren emakumeen kopuruak %29 egin du gora Araban; 2019ko lehen seihilekoan, 24 salaketa egin ziren gure lurraldean, eta aurten, berriz, 31 eraso atzeman dira epe berdinean.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.