Koronabirusa

Mugarrien bisita xumea, Olarizuko erromeriarik gabe

Erredakzioa 2020ko ira. 14a, 13:30

Aurten ez da Olarizuko erromeriarik egongo, baina Gasteizko Udalbatzarrak eutsi dio mugarrien ohiko bisitari.

Uda agurtzeko Olarizuko zelaietan milaka gasteiztar bildu ohi dituen erromeria egongo ez bada ere, aurten, Udalbatzarrak segurtasuna bermatzeko hainbat neurrirekin egin du mugarrien ibilbidea. Bisita Miñao Nagusian hasi da 9:30ean, 186. mugarritik, eta Gasteizko udalerria inguratzen duten 66 mugarrietatik igaro da, Gamarrara iritsi arte.

Pandemiaren ondorioz, XVI. mendean hasitako tradizio horren historiako bisitarik xumeena izan da, ziurrenik. Aurtengo bisitan, Gorka Urtaran alkatea, Nieves Quintana Gasteizko Kontzejuen Elkarteko (ACOVI-GKE) presidentea, Maider Etxebarria (PSE) alkateordea eta Miren Fernandez de Landa (EAJ), Miren Larrion (EH Bildu), Alfredo Iturritxa (PP) eta Oscar Fernandez (Elkarrekin) zinegotziak izan dira; talde politiko guztietako ordezkariak, baina ordezkari bana talde bakoitzeko.

Aurten, erromeriarik ez

Uztak biltzeagatik esker oneko nekazarien erritua gogoratzen duen ohiko erromeriak, ordea, 2021eko irailaren 13ra arte itxaron beharko du. Orduan, berriro izango dira Olarizuko zelaietan jai giroko jarduera guztiak: besteak beste, ohiko babarrun-jana eta Olarizuko gurutzera igoera jendetsua.

Izan ere, koronabirusak eragindako osasun egoeraren ondorioz, aurtengo edizioa ere bertan behera gelditu da, beste hamaika ekitaldi bezala. Olarizuko leku kuttun horretan ohikoak diren jende-pilaketak saihesteko asmoz, Udalak uztailean hartu zuen erabakia. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago