Magia, momentu zailenetan ere

Erredakzioa 2020ko ira. 14a, 10:19
Hiriko erakusleihoetan ere ez dira faltako magia saioak. / Magialdia

Gaur hasi eta igandera arte, 30 mago elkartuko ditu Magialdiak Gasteizen; maskara derrigorrezkoa izango da ekitaldi guztietan.

Prest da Gasteiz magiaz betetako asteari hasiera emateko. Igandera bitartean, urteroko zita du hiriburuak Magialdiarekin, nazioarteko magia ikuskizun eta mago onenak elkartzen dituen jaialdiarekin. Asier Kidam, Hugues Protat, Adrian Carratala, Cartonutti, Pablo Canovas, Los Taps, Maxime Minerbe eta Alexandra Duvivier izango dira hirian prestatutako magia guneetatik igaroko diren artistetako batzuk, 30 bat magoren artean.

Magia lantegiak, ikuskizunak Bibat museoko plazan, magiaz betetako erakusleihoak, gertuko magiako ibilbideak eta Ekomagia izeneko saioa izango dira ekitaldi nagusietako batzuk. Gainera, ohiko galak ere egingo dira: Haurrentzako magia gala, Heraclio Fournier gertuko magiako nazioarteko gala, agertokiko magiako nazioarteko gala, bakarlarien gala eta helduentzako magia gala. Pandemiaren eraginez, guztietan neurri bereziak hartuko dira; maskarak beharrezkoak izango dira saio guztietan. 

19:00etatik aurrera izango dira asteleheneko lehenengo magia saioak Gasteizko txoko desberdinetan: Adrian Vega, Imanol Ituiño eta Dania Diazen eskutik. Aurretik gonbidapenak eskuratu beharko dira horietarako. Argibide guztiak Magialdia-ren webgunean kontsulta daitezke. "Gasteiztar guztiak gonbidatu nahi ditut Magialdira, ilusioaren lilura senti dezaten. Urte batean probatzen duenak errepikatu egiten du", esan du Estibaliz Canto kultura zinegotziak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide