Kirol jardueretako langileek Gasteizko udaletxearen aurrean igaro dute gaua

Erredakzioa 2020ko ira. 11a, 14:18

Gasteizko sorosle eta begiraleak greba mugagabean daude irailaren 1etik, eta udaletxearen aurrean igaro dute gaua, Udalari bilera bat eskatzeko. Lan gatazkan duen erantzukizuna onar dezala exijitu diote.

Enpresa esleipendunen eta langileen ordezkarien arteko akordiorik gabe, 10 egun igaro dira kirol jardueren sektoreko langileek greba mugagabea hasi zutenetik. Ordutik, lanuzteak egin dituzte egunero, eta baita mobilizazioak ere.

Besteak beste, iragan larunbatean manifestazio jendetsu batek zeharkatu zituen Gasteizko erdialdeko kaleak, eta asteazkenean, berriz, eserialdi bat egin zuten Udalak San Martin auzoan dituen bulegoetan, Gorka Urtaran alkatearekin edo Iñaki Gurtubai Kirol zinegotziarekin bilera bat exijitzeko, sortutako gatazkan bitartekari-lanak egiteko.

BIDEOA: Hala Bideo

Udal kargudunek bilerarik egiteari uko egin diotenez, ostegunean udaletxeraino eraman zuten protesta. 19:00etatik aurrera, hainbat jarduera egin zituzten Plaza Berrian: olinpiadak, kontzentrazioa, kirol klasea, boletoen salmenta, pankarteoa eta afaria; ondoren, udaletxeko atarian lo egin dute.

Kirol-jardueraren %90 geldirik

Grebalarien ordezkarien arabera, langileen jarraipena "oso zabala" izaten ari da, eta udal kirol jardueraren %90 bertan behera geratu da.

Udalak, bere aldetik, behin baino gehiagotan adierazi du gatazka azpikontratatutako enpresek konpondu behar dutela, baina langileek udalaren erantzukizuna dela azpimarratu dute. Are gehiago, langileek azpimarratu dute kirol jardueren programazioaren zein igerilekuetako irteera eta sarrera ordutegien murrizketa Udalaren ardura "esklusiboa" dela.

Izan ere, grebalariek salatzen dute kirol jardueren udal eskaintza %32 murriztu dela; Udalak, ordea, murrizketa %20koa dela ziurtatu du. Gainera, igerilekuak irekitzeko eta ixteko lanorduei dagokienez 15 minutuko murrizketa egin da, eta, horren ondorioz, lan denbora hori "dohainik" egin behar dutela ohartarazi dute.

Horrez gain, grebaren lehenengo egunean kaleratutako lankidea berronartzea eta "presioak" bertan behera uztea exijitu diote Aiteko enpresari; gertatutakoa Udalaren "ardura ere" badela uste dute, enpresa hori azpikontratatzen duelako.

Irailaren 15ean, langileen ordezkariek Udaleko Kirol Batzordearen txanda herrikoian parte hartuko dute, eta, beraz, bi asteko grebaren ondoren, Gurtubai zinegotziaren aurrean azaldu ahal izango dute euren kasua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide