Amarika baztertu eta Zulueta jauregiaren alde egin du Schommerren familiak

Erredakzioa 2020ko ira. 11a, 11:01
Nicolas Casla, Schommerren iloba, eta Estibaliz Canto zinegotzia omenaldian. GASTEIZKO UDALA

Alberto Schommer argazkilari gasteiztarrari omenaldia egin diote, haren heriotzaren bosgarren urteurrenean

Alberto Schommerren familiak etorkizuneko argazkilaritza zentroa Zulueta jauregian kokatzeko eskatu du. Aldiz, urtarriletik hutsik dagoen Amarika aretoa da argazkilari ospetsuaren funtsa eta bere izena duen Fundazioaren egoitza kokatzeko Gasteizko Udalaren azken proposamena. Halere, Estibaliz Canto zinegotzia Zuluetaren aukera berriz aztertzeko prest agertu da.

Ez da lehenbiziko aldia Zulueta jauregiaren aukera mahai gainean dagoela. Izan ere, 2010ean Patxi Lazcoz PSEko alkateak proposatutako tokia da. Proposamenak artistaren babesa zuen eta Rafael Moneo bere lagun pertsonalarekin batera eraikina bisitatzera ere joan zen. Hala ere, proiektua ez zen gauzatu, PPren ondorengo gobernuak jauregiari beste erabilera bat ematea erabaki zuelako. Jauregia Green Capitalen egoitza nagusia izan zen 2012an, eta 2015az geroztik ez da erabiltzen. 2019an, Gorka Urtaranen udal gobernuak Zulueta Arabako Errioxako ardoaren zentro bihurtzeko lehiaketa zabaldu zuen, baina ez zen proposamen bideragarririk aurkeztu.

"Anbizio handiagoa"

Nicolas Casla Schommerren ilobaren arabera, fundazioa Madrildik Gasteizera lekualdatzeko "proiektu anbiziosoa" landu behar da: "argazkilariaren obraren erakusketa-gune bat ez ezik, haren hezkuntza-proiektua ere hartzen duen kokaleku bat". Horregatik uste dute erakusketa areto bat –Amarikari erreferentzia eginez– ez dela egokia Fundazioa kokatzeko, eta proiektuak "anbizio handiagoa" izan behar duela uste dute. Izan ere, argazkigintza arte gisa sustatzeaz gain, Madrilgo Schommer Fundazioan egunero ikasleak hartzen dira eta bekak sustatzen dira.

Schommer familiak argi utzi zuen garai batean Goya gasolindegi zaharrak ere ez zituela baldintza horiek betetzen leku faltagatik, eta orain Amarika aretoaren aukera ere baztertu du.  Gasteizko Udaletik, Estibaliz Canto kultura zinegotziak Schommerrekin duen "zorra kitatzeko" eta proiektua aurrera ateratzeko beharra azpimarratu du. Eta Amarika Aretoa proposamen nagusietako bat izan arren, Zuluetaren aukera berriz azter dezakeela esan du.

Argazkilaritza zentroaren kokaguneari buruzko desadostasunak ostegun honetan plazaratu dituzte, argazkilariaren heriotzaren bosgarren urteurrena dela eta egindako omenaldi instituzionalean. Florida parkean izan da ekitaldia, eta  lore-sorta bat jarri dute artista gasteiztarrari eskainitako xafla duen pagoaren aurrean.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide