Bisoi europar bat harrapatu eta hil dute Salburua ondoko errepidean

Erredakzioa 2020ko ira. 10a, 19:02

Hilik agertu den bisoia.GADEN

N-104 errepidea animalientzat "hiltegia" dela salatu du Gaden taldeak.

Bisoi europar bat harrapatu dute aste honetan Salburua ondoko N-104 errepidean. Errepide hori Salburuatik A-1 errepidera doan irteera da, auzotik oso gertu igarotzen da, eta, beraz, arriskutsua da inguru horretan bizi den faunarentzat. Asteazkenean salatu zuen Gaden taldeak ezbeharra. Argitu dutenez, animalia arra da, eta "ziurrenik, abuztuan, Salburuan askatu zituzten bisoi europarretako bat da". Bisoi europarra desagertzeko arriskuan dagoen espezie bat da, eta Salburuan, Ebro ibaian eta Arabako beste eremu batzuetan berreskuratzen ari dira. 

"Administrazio guztiek dakite N-104 animalientzat hiltegia dela: trikuak, azeriak, basurdeak, orkatzak, bisoiak… eta badakite zein izan daitezkeen konponbideak. Hala ere, faunarekin istripuak saihesteko bururatzen zaien gauza bakarra Salburuan arkuarekin basurdeak ehizatzea da", salatu du Gadenek. Equo-Berdeak taldeak, bere aldetik, Diputazioaren "axolagabekeria" kritikatu du, Salburuko hezegunearen kudeaketan. Salburuko hezegunearen kudeaketa planean esleitutako aurrekontuaren %20 ere ez inbertitzea leporatu dio alderdi ekologistak Aldundiari (sei milioi euro baino gehiago).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide