Konposta egiteko programa berri bat aurkeztu du Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2020ko ira. 10a, 17:26
Diego Malo eta Cesar Fernandez de Landa, konposta egiteko programa aurkezten. / Gasteizko Udala

365 etxebizitzei eta bestelako hondakin ekoizleei parte hartzeko aukera ematen die programak.

Zaborraren bereizketa handitu eta biohondakinen prebentzioa hobetzeko helburuarekin, Gasteizko Udalak etxeko eta auzoko konpostajerako programa bat jarri du abian. Honekin, etxe-konpostajearen bidez hondakin organikoen autokudeaketa sustatzea eta erraztea zein auzo-konpostaje jarduera erakusle batzuk garatzea lortu nahi du.

Konpostatzea, atsegin dut! lemapean hainbat jarduera garatuko ditu hurrengo lau urteetan. Irailean kanpaina abiatuko dute, interesa duten bizilagun guztiek izena eman dezaten. Kaptazio kanpaina bukatu ondoren, formakuntza saioak egingo dira eta materialak banatuko dira urrian zehar, interesa duten familiak lehenbailehen konpostatzen has daitezen.

Programa honek hiriburuko 365 etxebizitzei eta bestelako hondakin ekoizleei parte hartzeko aukera ematen die, etxe-konpostajearen eta auzo-konpostajearen bidez. Horretarako udaletik, izena ematen duten bizilagunei, konpostajean hasteko behar diren baliabide guztiak eskainiko dizkie.

Etxebizitza familiabakar batean bizi diren eta lorategia duten pertsonentzat da egokia etxe-konpostajea. Ezaugarri nagusia da eskala txikian egiten dela, etxe bakoitzeko baratze eta lorategietan jartzen diren banakako konpostagailuak erabiliz, sortutako hondakin organikoak kudeatzeko etxetik ateratzeko beharrik gabe, eta, gainera, konposta modu erraz eta garbian lortzen da.

Izena ematen duten bizilagunei, Gasteizko udaletik formakuntza eta etengabeko aholkularitza eskeiniko zaizkie, baita behar diren materialak ere: 300 litrotako konpostagailu bat, 10 litrotako edukiontzi marroi bat, aireztatzaile bat eta konpostajerako gidaliburu bat.

Auzo-konpostajea

Auzo konpostajea pisu batean bizi eta konpostagailua jartzeko lurrik ez duten pertsonentzat da egokia. Kasu honetan, udalak, jarduera erakusle bezala, konposta egiteko 5 gune jarriko ditu eremu publikoan, behar diren material guztiekin. Interesa duten familiek izena eman besterik ez dute eta formakuntza eta etengabeko aholkularitza eskainiko zaizkie baita behar diren materialak ere: 10 litrotako edukiontzi marroi bat eta konpostajerako gidaliburu bat. Ondoren hurbilen duten konposta gunea zein den jakinaraziko zaie. Udalak egingo ditu auzo konpostaje gune hauek behar dituzten mantentze lanak.

Konpostatzeak, zabortegietan buka daitezkeen hondakinak gutxitzeaz gain, konposta ere sortzen du, kalitate handiko ongarri naturala, udalerriko lurzoruetara materia organikoa ekartzen duena eta, beraz, emankortasuna hobetzen duena. Interesa baduzu eta programan izena eman nahi baduzu, bidali mezu bat gasteiz.konposta@gmail.com helbidera edo deitu 629577509 telefono zenbakira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide