Aipatutako lineak erabiltzaile gehien izan ohi dituzten ibilbideak dira, eta, modu horretan, hilaren 14tik aurrera, pandemiaren aurretik martxan zeuden astegunetako zerbitzuen %85 izango dira martxan:
- 2. linea: Periferikoa.
- 4. linea: Lakua-Mariturri.
- 5. linea: Salburua-Sansomendi.
- 6. linea: Zabalgana-Arkaiate.
Udalaren garraio enpresak asteburuetako zerbitzuak ere optimizatuko ditu. Hain zuzen ere, 20 minutuan behingo maiztasuna berreskuratuko dute linea gehienek.
Tuvisak aztertu dituen lehen datuen arabera, ikasturte hasierako bidaiari-kopuruaren igoera aurreko urteetakoa baino "dezente txikiagoa" izan da. Erabileren beherakada handiak bere horretan jarraitzen du; gutxi gorabehera, ohikoaren %50era jaitsi da.
Halaber, garraio enpresak azpimarratu du garraio publikoa segurua dela eta autobusek osasunaren prebentzioaren arloko berme guztiak betetzen dituztela. Adibidez, ibilgailu bakoitza egunean bitan desinfektatzen da.
"Eutsi egingo diogu ibilgailu pribatuaren ordez garraio publikoa sustatzearen aldeko apustuari. Oso handia izango da ahalegin ekonomikoa, erabiltzaile kopuruaren beherakada dela eta sozietatearen diru-sarrerak beste urtetakoen erdia izango direlako", azaldu du Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzi eta Tuvisako presidente Amaia Barredok.