'Berriro elkartzearen poza', Gasteizko Udal Bandaren denboraldi berria

Erredakzioa 2020ko ira. 8a, 11:45
Gasteizko Udal Musika Bandaren azken kontzertuetako bat. / @bandavitoriagasteiz

Irailetik maiatzera bitartean, Berriro elkartzearen poza izenburupeko abonamendu-denboraldi berrian, zazpi kontzertu eskainiko ditu Gasteizko Udal Musika Bandak Principal Antzokian.

Irailaren 30ean hasiko da programazio berria, zikloari izena eman dion Berriro elkartzearen poza kontzertuarekin. Luis Gonzalezek parte hartuko du bertan, tronpeta-bakarlari gisa. Gainera, azaroaren 25ean, Haizea alde entzun ahal izango dute ikusleek, Isabel Rubioren zuzendaritzapean. Abenduaren 16an, Beethovenen Gasteiz izango da protagonista, bandaren 2020ko programazioa ixteko.

2021ko programazioari otsailaren 10ean ekingo zaio, eta Marcel Ortegak zuzenduko du banda, XXI zerumuga musika-emanaldian. Martxoaren 10ean, Bizia koloretan emanaldia izango da, Victor de Andres tronboi-bakarlariarekin. Ensemble Rayuela saxofoi-laukotea, berriz, gonbidatu gisa arituko da apirilaren 21ean, Globaliz-acción! kontzertuan. Eta, azkenik, maiatzaren 12an Baikortasunerantz emanaldiaren txanda izango da, denboraldiari amaiera emateko.

Sarrerak salgai

Irailaren 8tik aurrera salgai jarriko dira abonamenduak, 14 eurotan. Sarrera solteak, berriz, irailaren 22tik aurrera erosi ahal izango dira, 3 eurotan, Principal Antzokiaren ohiko salmenta-bideen bitartez.

"Behar diren neurriak hartuko dira segurtasuna bermatzeko, bai artistena, bai emanaldietara joaten diren ikusleena", azpimarratu du Estibaliz Canto zinegotziak, eta gasteiztarrak animatu ditu Udal Bandaren denboraldi berriko abonamendua erostera.

Berriro biltzeko unea

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto eta Udal Bandaren zuzendari Luis Orduña izan dira zikloa aurkezteko prentsaurrekoan. "Berriro biltzeko unea iritsi da. Musika zoragarriz inguratuko gara, bakarlari bikainak entzun eta zuzendari gonbidatuak lanean ikusiko ditugu, musikak zoriontasunez bete gaitzan", adierazi du Cantok.

Orduñak nabarmendu du baikortasunak markatuko duela 2020-21 denboraldia, "baita poesiak, historiak, umoreak eta aldarrikapenak ere". Gainera, Udal Bandaren zuzendariak uste du garaia dela emakumeek musikan duten papera agerian jartzeko, eta, beraz, emakumezko orkestra-zuzendari bat gonbidatu dute lehenengo aldiz; horrekin batera, emakumezko musikagileen lanak eskainiko dira kontzertuetan, eta protagonismoa emango zaie emakumeei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide