2019ko Vital Arte lehiaketaren irabazleen erakusketa abian

Erredakzioa 2020ko irailaren 4a

Irailaren 25era arte zabalik egongo da Vital Arte lehiaketaren 2019ko edizioko artista irabazleen lanen talde-erakusketa, Vital Fundazioa erakusketa-zentroan.

Vital Arte lehiaketaren 2019ko edizioko artista irabazleek beraien lanak erakutsiko dituzte aste honetatik aurrera, eta irailaren 25era bitartean, Vital Fundazioa erakusketa-zentroan ikusgai dagoen talde-erakusketa batean. Vital Fundazioak antolatzen duen eta Arabako artistei zuzenduta dagoen lehiaketa horrek kulturaren sektorea bultzatzen laguntzea du helburu; zehazki, pintura, eskultura, argazkilaritza eta bestelako tekniken diziplinetan.

Edizio honetan 132 lan aurkeztu ziren guztira, guztiak berriak, originalak, argitaratu gabeak eta gai eta teknika librekoak. Horietatik, 80 baino gehiago pintura kategorian kokatu ziren, 19 eskulturan, 17 argazkigintzan eta beste 14 beste teknika artistiko batzuetan.

Horien guztien artean, 1.500 euroko hiru sariak honela ematea erabaki zuen epaimahai profesionalak: Javier Berasaluceri Porvenir argazki-lanagatik, eta Peter Sojka eta Brayan Chipanari La visita (Naustevnici) eta En la memoria olioengatik, hurrenez hurren.

Diru-zenbatekoaz gain, sariak barne hartzen zuen, halaber, Vital Fundazioak saritutako obren egileei erakusketa-areto bat lagatzea, 2020ko programazioan talde-erakusketa bat egiteko. Hortaz, hilaren 25era arte, Berasalucek, Chipanak eta Sojkak euren lanak jendaurrean erakusteko aukera izango dute.

Posta kaleko 13-15. zenbakietan kokatutako Vital Fundazioa erakusketa-zentroan ikusgai egongo den erakusketa astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:30era, eta igande zein jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era. Sarrera doakoa da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago