"Ziklo honen bidez, beste herrialde batzuetan proiekzioa lortu duten euskal eta arabar musikariak ezagutarazi nahi ditugu, espazio paregabe batean —musika kontserbatorioa— ganbera-musikako proposamenak eskainiz", nabarmendu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.
Kontzertuak Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko areto nagusian izango dira; ateak 19:30ean irekiko dira, baina emanaldiak 20:00 hasiko dira.
Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailak Jesus Guridi Kontserbatorioarekin elkarlanean antolatzen duen ziklo horren IX. edizioa da.
Ezohiko egoera dela eta, artisten eta ikusleen segurtasuna bermatzeko prebentzio-neurriak ezarri direla nabarmendu du zikloko zuzendari artistiko Carlos Secok. Era berean, bertan behera utzitako kontzertuetarako erositako sarrerek data berrietarako balio dutela jakinarazi du.
Egitaraua
-
Irailaren 8an ekingo zaio programari, Kugel Ensemble saxofoi laukotearekin: Iñigo Setuain Antoñanzas, Luis Homedes Lopez, Cristina Arcos Cano eta Pedro Caballero Garcia. J. Haydn, Ivan Fedele, J. Torres eta G. F. Haasen lanak joko dituzte, besteak beste.
-
Irailaren 17an, Oreka Quartetek hartuko du lekukoa: Iñaki Lagos biolina, Enrique Campos biolina, Marina Barredo biola eta Ivan Casado biolontxeloa. L. V. Beethovenen eta Jesus Guridiren piezak joko dituzte.
-
Irailaren 22an, berriz, Adriana Gonzalez soprano guatemalar gaztea entzun ahalko du publikoak, Iñaki Encina piano-jotzailea lagun. Jesus Guridi Bidaola, Isaac Albeniz, Hélène Covatti-Dussaut eta Robert Dussauten lanak ekarriko dituzte.
-
Irailaren 29an, J. S. Bachen Viola da gambarako sonatak entzun ahal izango dira, Alejandra Saturno eta Izaskun Ihabenen eskutik.
-
Urriaren 2an, bukatzeko, Vocalia taldeak abestuko du Basilio Astulezen zuzendaritzapean.
-
Abonamendutik kanpo, Sagutxu tuntuna eskainiko da irailaren 26an, 2 eta 6 urte bitarteko haur eta helduentzako antzezlan musikala; 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz.