Montehermoso Kulturuneko mediateka astelehenean berrirekiko da

Erredakzioa 2020ko ira. 4a, 10:08
Montehermoso Kulturuneko mediatekaren nobedadeen apalategia. / MONTEHERMOSO

Irailaren 7tik aurrera, astelehenetik ostiralera bitartean erabili ahal izango da Montehermoso Kulturuneko dokumentazio-zentroaren eta mediatekaren zerbitzua, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Astelehenean berriz irekiko dute Gasteizko Montehermoso Kulturuneko dokumentazio-zentroa edo mediateka, Covid-19ak eragindako itxialdiaren ondoren. Aldi batez, aldatu egingo da ordutegia: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, jaiegunetan izan ezik.

"Neurri honekin, Gasteizko kultur ekipamendu horrek aktibo mantenduko ditu bere espazio guztiak, betiere herritarren segurtasuna bermatuz, hori baita gure lehentasuna, pandemiaren kudeaketan", adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Bertara sartzen diren erabiltzaileek uneoro maskara eraman beharko dute, eta gel hidroalkoholikoa erabili. Barruan, segurtasun-distantzia mantendu eta beren gauzak aldean eraman beharko dituzte.

Erabiltzaileek nahi dituzten dokumentuak -liburuak, aldizkariak, DVDak eta abar- aretoko langileei eskatu beharko dizkiete, aretoan kontsultatzeko nahiz mailegatzeko izan. Maileguan utzitako materialak itzultzeko sarrerako kutxa batean utzi beharko dira, berrogeialdia pasa dezaten.

Bestalde, erabilera publikoko ordenagailuak erabiltzeko, erabiltzaileek liburutegiko txartela erakutsiz identifikatu beharko dute euren burua, eta, amaitzean, ekipoa itzali eta lekua libre geratu dela jakinarazi. Inprimaketa-zerbitzua etenda egongo da oraingoz.

Ireki aurretik garbitu egingo da mediateka. Gainera, txanda batean leku libre bat geratzen bada eta beste erabiltzaile batek hartu nahi badu, desinfektatzailea izango du eskura, espazioa garbitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide