Bost saltokitan egindako lapurretaren ustezko egileak atxilotu dituzte

Erredakzioa 2020ko ira. 1a, 17:21

Ertzaintzak 16 eta 18 urteko bi gazte atxilotu zituen joan den igandean, egun horretan bertan, goizaldean, Arabako hiriburuko bost merkataritza-establezimendutan indarra erabiliz egindako lapurretak leporatuta.

Lokal gehienetan kristalak hautsi zituzten barrura sartu eta kutxa erregistratzaileetako dirua lapurtzeko, iturri polizialen arabera. Bestalde, adineko emakume bati bezperan diru-zorroa lapurtzen parte hartu ote zuten ikertzen ari da Ertzaintza; beste gazte bat atxilotu zuten aurretik, delitu hori leporatuta.

Bost lapurreta dendetan

Igande goizaldean, bost lapurreta egin zituzten Zaramaga eta Koroatze auzoetako hiru fruta-dendatan, harategi batean eta ileapaindegi batean, indarra erabiliz. Adierazitako establezimenduetara sartzeko, erakusleihoetako edo sarrerako ateetako kristalak hautsi zituzten, eta, ondoren, dirua lapurtu zuten, edo, kasu batzuetan, diru-kutxak; izan ere, horietako baten bat inguruan aurkitu zuten ertzainek.

Lapurreta horien berri izan bezain laster, Gasteizko Ertzain-etxeak dagokion polizia-ikerketa jarri zuen abian, delituak argitzeko. Horrela, 13:30ak aldera, patruila batek ustezko lapurren deskribapen fisikoarekin bat zetozen bi gazte ikusi zituen Alde Zaharrean. Bi gazteak, korrika ihes egiten saiatu ziren polizia ikustean, baina Udaltzaingoaren patruila baten laguntzaz harrapatu zituzten.

Gazteak identifikatu ondoren, biak atxilotuta eraman zituzten, adierazitako lapurretak leporatuta. Ertzaintzaren oharraren arabera, gazteetako batek egin berriak ziren ebakiak zituen eskuetan, eta lokaletako batean odol-arrastoak aurkitu zituzten hautsitako kristalen artean.

Diru-zorro baten lapurreta

Bestalde, larunbateko 20:30ak aldera, ezezagunek diru-zorroa kendu zioten adineko emakume bati, Frantzia kale inguruan bere etxeko portalera sartzen ari zela. Emakumeari hiru pertsona hurbildu eta hizketan hasi zitzaizkion; salaketaren arabera, konturatu gabe diru-zorroa kendu zioten poltsatik.

Beste pertsona batek gertakaria ikusi zuen, eta, emakumearekin diru-zorroa falta zitzaiola egiaztatu ondoren, hiru inplikatuen atzetik korrika abiatu zen, jada aldentzen ari baitziren. Beste herritar batzuen laguntzaz, horietako bat harrapatzea lortu zuen; beste biek, ordea, arma zuri bat erakutsi ondoren alde egin zuten, lekukoen arabera.

Ertzaintzaren patruila bat hurbildu zen eta 17 urteko gaztea atxilotu zuen. Biktimaren diru-zorroa inguruan aurkitu zuten, baina dirua falta zen.

Une honetan, Ertzaintza ikertzen ari da saltokietan egindako lapurretengatik atxilotutako bi inplikatuek parte hartu ote zuten adineko emakumeari egindako lapurretan ere. Hiru gazteak epailearen aurrera eraman dituzte jada.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide