300 gramo haxix eramateagatik gizon bat atxilotu dute Gasteizen

Erredakzioa 2020ko abuztuaren 31

Gasteiz Hiribidean dagoen joko-areto batean atxilotu dute gizonezkoa. / WIKIPEDIA

Ertzaintzak 44 urteko gizon bat atxilotu du astelehen honetan droga-trafikoaren ustezko delitu bat leporatuta. Poltsa batean ia 300 gramo haxix eta substantzia zuri bat -dirudienez, kokaina- zuen beste poltsatxo bat aurkitu dizkiote. 

Gaueko hamabi eta erdiak aldera, Ertzaintzaren patruila batek bi gizon ikusi ditu Gasteiz Hiribidean dagoen joko-areto batean maskara jantzi gabe.

Gizonetako bat, polizia ikusi duenean, oihalezko poltsa bat ezkutatzen saiatu dela azaldu du Ertzaintzak, ohar bidez. Poltsa barruan marroi koloreko substantzia prentsatu bat aurkitu diote plastikoan bilduta eta 100 bat gramoko hiru paketetan banatuta; ustez, haxixa zen. Gainera, kokaina zirudien hauts zuri bat ere aurkitu diote beste poltsatxo batean.

Horren aurrean, gizonezkoa droga-trafikoa leporatuta atxilotu dute. Beste gizona, 27 urtekoa, ertzain-etxera eraman dute identifikatzeko; Valentziako epaitegi batek bere kontrako atxilotzeko agindua emanda zuela jakin ostean, atxilotu egin dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago