Arabako kirol jardueretako langileek greba mugagabea hasi dute

Erredakzioa 2020ko ira. 1a, 09:15
Azken unera arte akordio batera iristeko aukera guztiak agortu dira. / ELA-LAB-CCOO

Irailaren 1etik aurrera greba mugagabeari ekingo diote Arabako kirol jardueretako langileek. Lan gatazkarekiko Gasteizko Udalak izandako jarrera salatu dute ELA, LAB eta CCOO sindikatuek.

Astelehenean zehar ez da enpresa esleipendunen eta langileen ordezkarien arteko akordiorik lortu; hortaz, astearte honetan greba mugagabea hasiko da Arabako kirol jardueren sektorean. Greba deialdiak Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuak ixtera behartuko du, baina baita gizarte etxeetako ikastaro batzuk bertan behera uztera ere.

Izan ere, Arabako kirol jardueren sektoreko langileek azken egunetan sorospen-zerbitzuen eta kirol-jardueren enpresa esleipendunekin eta Gasteizko Udaleko Kirol Sailarekin egindako bilerek ez dute fruiturik eman.

Saileko arduradunek gatazkan bitartekari lanak egiteko konpromisoa hartu zutela azaldu dute sindikatuek: besteak beste, igerilekuak ireki eta ixteko protokolo bat eskatzeko, instalazioen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatze aldera. Horrekin batera, kirol programazioaren ikastaroen eskaintza handitzeko ekarpenak jasotzeko prest agertu zen Udala.

Hala ere, bi enpresa esleipendunekin izandako bilerak "etsigarriak" izan direla azaldu dute langileen ordezkariek. Azaldu dutenez, alde batetik, enpresa horiek jakinarazi dute Udala ez dela haiekin harremanetan jarri; eta, bestetik, ez dutela "inolako eskaerarik" jaso igerilekuak irekitzeko eta ixteko protokolo bat egiteko. "Ez daude prest igerilekuak behar bezala ireki eta ixteko behar den denboraren minutu bakar bat ere beren gain hartzeko", salatu dute langileek.

Kirol jardueretako langileek prentsaurrekoa eman zuten ostiralean. / ELA-LAB-CCOO

 

Udalaren erantzunaren zain

Bestalde, 2020-2021 ikasturteko kirol jardueren programazioari dagokionez, kirol monitoreek "azterketa serio bat" egin dutela azaldu dute, ikastaroen eskaintza hobetzeko. Eta enpresari helarazi diote, horrek udaleko teknikariei helaraz diezaien. Langileek egindako proposamenak kontuan hartuko diren ala ez, ordea, "inolako ziurtasunik gabe" bizi dute.

Kirol Sailak hartuko duen erabakiaren zain daude, eta saileko arduradun lñaki Gurtubai langileen ordezkariekin biltzeari uko egiten ari dela kritikatu dute. "Aste honetan zehar, lau aldiz eskatu zaio bilera bat egiteko, baina, eskapismo-ariketa batean, luzamendutan dabil; eta esaten du konponbidea bilatzea enpresen eta langileen kontua baino ez dela", salatu dute sindikatuek.

"Ulertezina iruditzen zaigu gatazka bat mahai gainean egonda, eta irailaren 1etik aurrera greba egiteko aurreabisua emanda, Udalak baloiak kanpora botatzea eta gatazkaz ez jabetzea", deitoratu dute.

Akordioa ala greba

Langileek "akordioak lortzeko eta gatazka konpontzeko borondatea" dutela azpimarratu dute, eta, joan den astean, abuztuaren 10etik egiten ari ziren lanuzteak bertan behera utzi zituzten, "borondate oneko keinu gisa"; Kirol Sailak, idatziz, zenbait gairen inguruko konpromisoa hartu ondoren egin zuten.

"Inplikatutako alde guztien atea jo dugu, baina ikusten ari gara konpromisoak ez direla betetzen ari, eta bai enpresak bai Udala elkarri pilota botatzen ari direla", salatu dute.

"Azken unera arte" akordio batera iristeko "aukera guztiak" agortuko dituztela ziurtatu dute langileek: "Baina hori bai, gauzak aldatzen ez badira, eta enpresek eta Udalak ez badute ezer jartzen haien aldetik, argi eta garbi esan behar dugu sektoreak gelditu eta itxi egingo dituela udaleko kirol-instalazioak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide