Azken asteetan sortutako ezinegonaren ostean, Gasteizko Udalak erraztasunak emango dizkie 3. taldeko jardueretarako lizentzia duten hiriko ostalaritza-establezimenduei: pubak, kopa-lokalak eta antzekoak. Baimena 2. taldekoarekin parekatzeko aukera izango dute behin behinean.
Hortaz, ostalaritza-establezimendu publikoen ordenantzan eta zarataren eta bibrazioen kontrako ordenantzak ezarritako baldintzak betetzen dituztelarik, eguneko ordutegian taberna-zerbitzua emateko gaituta egongo dira.
Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute negozio horiek udal bulegoetan, baimena eskuratzeko. Gorka Urtaran alkateak ostiral honetan sinatu du formula hori aplikatzea ahalbidetuko duen alkatetza-instrukzioa.
Pub lizentzia izan arren egunean zehar jatekoak, pintxoak eta kafeak zerbitzatzen dituzten lokalei gaueko aisialdian ezarritako mugen ondorioak arintzeko helburua du Gasteizko Udalaren neurriak.
Diskotekak
Gainera, 4. motako lokalei ere -diskotekak- birmoldatzeko aukera emango die Udalak. Negozio horiek ere 2. motako establezimendu gisa lan egin ahal izango dute, baina, horretarako, jarduerari ekin aurretik komunikazioa erregistratu beharko dute, ingurumen-oroitidazkia eta teknikari batek sinatutako ziurtagiria erantsita.
Udalak ohartarazi du "moldaketa handia" egin beharko dutela gisa honetako negozioetan ohiko taberna-zerbitzua eman ahal izateko.