Bisoi europarraren kumaldi bat askatu dute Salburuan

Erredakzioa 2020ko abu. 6a, 10:46
Ama bat eta hiru kume askatu dituzte Salburuan. AFA

Araban, bisoi amerikarra desagertzea lortu dutela berretsi du Aldundiak.

Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalarekin lankidetzan, bisoi europarraren beste kumaldi bat askatu du Salburuan aste honetan. Ama bat eta hiru kume dira, eta espezie horren hazkuntza programaren barruan, itxian hazi dituzte. 

Bisoi europarra egoera kritikoan sailkatuta dagoen espeziea da, haren lehiakide handia den bisoi amerikarraren mehatxua dela eta. 1998. urteaz geroztik, Aldundia eta Udala lankidetzan ari dira kontrol lanak egiten, "espezie exotiko inbaditzaile hori naturan ugaltzen ari zela detektatu zenetik". Hala, azken urteetan, animalia harrapatzeko jarritako tranpei esker, Araban dagoeneko ez dago bisoi amerikarraren alerik.

"Ez dugu bisoi amerikarrik aurkitu 2019. urtearen hasieraz geroztik, eta horrek erakusten du kontserbazio lana funtzionatzen ari dela", adierazi du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak, eta pozik agertu da egindako urratsengatik eta bisoi europarrak egoera "egonkorra" duelako herrialdean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide