Gasteizko jaiak arruntak izango balira, Andre Maria Zuriaren egunean, goizetik, blusen eta nesken kuadrillak hiriko zaindariari omenaldia egiteko San Migelgo balkoira igoko ziren, eta aurresku dantzatuko zuten bertan. Gaur, aldiz, ez da halakorik gertatu. Pandemiaren ondorioz, segurtasun-neurriak bermatzeko, poliziaren kontrola ezarri da balkoira igotzeko; 08: 00etan hasi eta 15:00ak arte luzatu da, eta tarte horretan ilarak sortu dira Andre Maria Zuriari loreak eskaintzeko.
Blusa gutxi balkoian, eta are gutxiago kaleetan. Gutxi batzuk animatu dira blusaren edo neskaren jantziarekin hirian barrena ibiltzera. Bestalde, nabarmena izan da poliziaren –Udaltzaingoa eta Ertzaintza– presentzia bai Alde Zaharrean zein hirigunean, eta zorrotz kontrolatu dituzte tabernak eta terrazak. Aiztogile kalean, esate baterako, tabernariek bezeroei etengabe gogoratzen zieten kalean zutik edateko debekua; eta adi egon dira eguerdian zehar jendearen pilaketak ekiditeko.
Hiriko kale nagusiak hutsik eta oso giro apala aurreko urteko ospakizunekin alderatuta.