Joan den astean atzeman zituzten bi positibo horiek Gasteizko adinekoen egoitzetan. Protokoloa berehala aktibatu zen, eta bi langile horiek eta harremana izan zuten pertsona guztiak berrogeialdian daude. Gainera, azken egun hauetan, PCR probak egin zaizkie erresidentzietako langile eta erabiltzaile guztiei, eta negatibo eman dute guztiek.
"Erabiltzaileen artean ez dago kasu positiboen berririk", esan du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. Gaur egun, egoitzetan barne-protokoloak jarraitzen dira, bisitak mugatuta daude, eta segurtasun-neurri zurrunak ezarri dira, birusak egoitzetan sar ez daitezen. Abuztuaren 9ra arte ez dituzte indargabetuko koronabirusagatik ezarritako neurri bereziak, "pertsona ahulenen" osasuna bermatze aldera.
Bestalde, azken orduetan 14 positibo atzeman dituzte Araban, Osasun Sailak eguneratutako datuen arabera. 12 Gasteizen eta 2 Laudion. Horietako bat Santiago Ospitalean ingresatuta dagoen paziente bat da. Osakidetzak gaur bertan atzeman du, eta kutsatzea saihesteko protokoloak abiatu dira. Solairu horretako paziente eta langile guztiei probak egingo zaizkie.