Astelehenetik aurrera, egunero, lau orduko greba egingo dute sorosleek

Erredakzioa 2020ko abu. 4a, 13:36
Agerraldia egin dute goizean udal instalazioetako langileek. ELA

 Gasteizko Udalak ezartzen dizkien baldintzak "gero eta eskasagoak" direla salatu dute.

Astelehenetik aurrera, greba mugagabea egingo dute Gasteizko udal instalazioetan lanean ari diren sorosleek eta udalaren ikastaroak antolatzen dituzten begiraleek.  Egunero, lau orduko lanuztea izango da, 12:00etatik 14:00etara, goizez; eta arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara. Ehundik gorako langile-taldea osatzen dute igerileku estalietan eta udan lan egiten duten sorosleen eta ikastaroak antolatzen dituzten begiraleen artean.

Goizean agerraldi publikoa egin dute bizi duten egoera azaltzeko. Udako kanpainaren hasiera uztailaren 1ean izan zela kontuan hartuta, hilabete eta erdiko enplegua eta soldata galdu dituztela esan dute sorosleek. "Gainera, ez zaigu eman EEE batean sartzeko aukerarik, ezta zuzenean Udaletik kobratzeko aukerarik ere, Alarma Estatuaren Errege Dekretuan jasotzen den bezala". Behin-behinekotasuna eta lan-prekarietatea "jasanezinak" direla gaineratu dute, eta kasu batzuetan, ez direla "hitzarmenean ezarritako epeak bete"; eta "egoera kaotikoak" gertatu direla aipatu dute.

Higienearekin arazoak

Udako sorosleen kopuruaren aldetik ere murrizketak egin direla esan dute, eta baita igerilekuak irekitzeko eta ixteko ordutegietan ere. Gainera, langileen esanetan, instalazio horietako materiala desinfektatzeko behar diren denbora tarteak "ezabatu" dira. "Ez dago higienea eta osasun-neurriak ziurtatzeko protokolo eraginkorrik, erabiltzaileen zein langileen osasuna arriskuan jarriz", azpimarratu dute. Era berean, salatu dute langileek ez dutela "norbera babesteko eta senideak ez kutsatzeko beharrezkoak diren babesteko ekipamendurik".

Bestalde, Udalak antolatzen dituen kirol-jardueretan 24.186 plazen ordez 9.500 plaza baino ez direla eskaini azaldu dute: "beste era batean esanda, %61eko murrizketa". Ikastaroen kopurua murriztearen ondorioz, lanpostuen zati handi bat ere desagertu egiten dela gogoratu dute, "eta geratzen diren gutxi horiek prekarioak dira".

Egoera horren aurrean planto egitea erabaki dute langileek. Lan baldintzak hobetzeko asmoarekin deitu dute greba, baina baita "hiritarren osasunagatik" ere. "Gu langileak erantzule garelako, baita ere adinekoen segurtasuna bermatzeko".

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide