Kontrolek ordezkatuko dute jaia

Erredakzioa 2020ko abu. 4a, 08:00
Indarrak 2021eko jaietarako gordetzeko eskatu diete herritarrei. GASTEIZKO UDALA

Neurri zorrotzak ezarri ditu Gasteizko Udalak eragozteko San Migelgo balkoian eta inguruetan jendea pilatzea; gainera, dozena bat kontrol-gune aurreikusi dituzte hiri erdian.

Gasteizko Udalak kontrolpean nahi du hiria abuztuaren 4tik 9ra bitartean. Koronabirusaren pandemiaren eraginez jaiak bertan behera uzten dituen EAEko lehen hiriburua da Gasteiz, eta eredugarri jokatu nahi du Gorka Urtaran alkateak. Hartara, debekuen eta kontrolen zerrenda luzea iragarri dute udal agintariek gaur arratsaldetik hasi eta abuztuaren 9ra bitartean.

Guztira, 13 kontrol jarriko dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Andre Maria Zuriaren plazan eta inguruetan, arratsaldez, jaiei hasiera eman ohi zaien espazio horietara sarbidea mugatzeko antolatutako dispositibo berezi baten barruan. Hala, 16:30etik 19:00etara, sarbidea mugatuko da Prado kalean, Diputazio kalean, Errementari kalean, Zapatari kalean, Hedegile kalean, Mateo Moraza kalean, Eduardo Dato kalean, Posta kalean, Agirre Lehendakariaren kalean, Loma Jeneralaren kalean eta Aihotz plazan.

San Migelgo balkoira ere ezingo da sartu, ezta Arkupeetatik ere. Andre Maria Zuriaren plaza eta Plaza Berria mugatzea lortuko da hartara.

"Pilaketak saihestea da helburu nagusia. Osasun publikoa da kontua. Andre Maria Zuriaren jaiak bertan behera uztera behartu gaitu koronabirusak. Erantzukizunez joka dezatela eskatzen diegu gasteiztar guztiei", adierazi du Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutierrezek.

Baimenarekin bakarrik

Autobusek, taxiek, larrialdietako ibilgailuek eta garajeetan sartzeko edo irteteko baimena duten ibilgailuek bakarrik sartu eta atera ahal izango dute mugatutako eremuan barrena, eta bertako bizilagunek ere.

Gainera, jatetxeetan daudenek nahi dutenean atera ahal izango dute bertatik, polizien jarraibideei kasu eginez. Lokal publiko horiek ezingo dute mahairik jarri bide publikoan 16:30etik 19:00etara bitartean.

Mugatutako eremutik kanpo, prebentzio-dispositibo bat jarriko dute martxan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, Andre Maria Zuriaren plazaren inguruan eta hiriko beste hainbat tokitan. Halaber, maskararen erabilera ere kontrolatuko da, koronabirusaren hedapena saihesteko. Hilaren 9ra arte mantenduko dituzte neurri bereziak.

'Aurten ez'

Datozen egunetan jendearen pilaketak saihesteko eskaera eginez, agerraldi bateratua egin zuten astelehenean Gorka Urtaran alkateak, Estibaliz Canto Kultura zinegotziak, Jon Urresti Vital Fundazioko presidenteak, Lorena Garro medikuak, Joel Andujar erizainak, Luis Tamayo Andre Maria Zuriaren Kofradiako kideak, Maite Salazarrek eta Gorka Ortiz de Urbinak. Datozen egunetan segurtasun neurriak zorrozteko eskatu dute denek.

Andujar erizainak deia egin du arduraz jokatzeko eta "jaiak ospatzen ditugunean eredu garen bezala, aurten ere hala izan behar dugu segurtasun neurriak betetzean, birusa ez zabaltzeko". Biktimak ez ahazteko deia ere egin du: "ezin ditugu biktimak ahaztu, ospitaleetan bizi izan dena eta etxean itxita egon garen denbora".

'Aurten ez-Este año no toca'  leloa duen pankarta bat jarri dute San Migelgo balkoian. Abuztuaren 10era arte egongo da jarrita, Andre Maria Zuriaren plazatik pasatzen diren guztientzat oroigarri gisa.

 

 

 

Erlazionatuak

63 urte eta gero, zeruan geratuko da Zeledon

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020 abu 03 Gasteiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide