Bi gizonezko atxilotu dituzte genero indarkeria leporatuta

Erredakzioa 2020ko abu. 3a, 15:15
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea Gasteizen. ALEA

Bikotekideei eraso egin dietelako atxilotu zituzten udaltzainek 66 eta 42 urteko bi gizonezko igandean.

Poliziaren oharraren arabera, lehen atxiloketa igandean, 14:30 inguruan gertatu zen, 092ra egindako dei batek udaltzainak Judimendi auzoko etxebizitza batera joateko eskatu zuenean. Izan ere, eztabaida handia eta laguntza eskatzen ari zen emakumezko baten oihuak entzun zitezkeen.

Poliziek etxebizitzara jo zuten, eta etxeko atea gizonezko batek ireki zien. Alboan emakumezko bat zuen, oso asaldatuta eta negarrez. Gizonezkoak eraso egin eta poliziari deitzea eragotzi ziola salatu zuen biktimak. Ondorioz, atxilotu egin zuten gizona, eta gaur goizean jarri dute epailearen esku.

Bigarren atxiloketa gauean jazo zen;  udaltzainek 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuten genero-indarkeriaren ustezko egilea izateagatik. 092an jasotako dei batek jakinarazi zuenez, Lakua-Arriagako etxebizitza batean emakume bat erasoa jasaten ari zen.

Bertan, pertsona batek udaltzainei adierazi zien ustezko erasotzaileak etxebizitzatik alde egin zuela. Etxean emakumezko bat aurkitu zuten poliziek, adingabeko bi seme-alabekin; haietako batek onartu zuen gizonezkoak amari eraso egin ziola. Gizona aurkitu ostean, atxilotu egin zuten eta gaur goizean epailearen esku geratu da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide