Juan Ibarrondo | Gasteiz

Ortua ureztatzeko bidean

Anakoz Amenabar 2021ko abu. 15a, 14:00

1901. urtekoa da 'Casa de las jaquecas' ezaguna. / Gasteizko Udala

Gasteiz erdigunetik Zabalgana auzora arteko ibilaldia proposatu du Juan Ibarrondok; eraikin historikoen inguruan, zuhaitzetako gerizpeetatik barrena, auzokideek gestionatutako baratzeetan amaitu du.

Klasiko bat aukeratu du Juan Ibarrondo idazleak (Gasteiz, 1962) hiriburuan ibilaldia egiteko. Hasiera behintzat, gasteiztar ugarik eguneroko osteratxoa egiteko aukeratzen duten Senda pasealekutik egin du. "Lehenengo etapa Floridatik abiatzen da, Senda gaztainondo autobide zoragarri hori igaro eta Armentiako basilikara helduko da". Harentzat hiriko lekurik berezienetako bat dela aitortu du, eta konfinamenduaren ostean ezinbesteko paseoa. "Bide hori diseinatu zuenak bete-betean asmatu zuen; hainbeste urteren ondoren, bere funtzioa bete eta mundu guztiaren gustukoa da".

Zuhaitzei, eta batez ere bidean diren eraikinei arretaz begiratzen die. "Hauei erreparatuta, hiriaren historian zehar egindako ibilbidea egin daiteke, hiriko aberatsen historian behintzat; eta eliteen gustu onaren galera progresiboa ere agerian uzten duena, jauntxoen etxe zoragarrietatik aberaskume berrien gustu eskasera". Besteak beste, Frai Francisco kaleko Casa de las jaquecas ezaguna, Zuloaga etxea, Sofia etxea, Armagintza etxea edota Arte Ederren Museoa nabarmendu ditu, baita Armentiatik gertuago dauden eraikin modernoagoak ere.

"Auzokideek gestionatutako Zabalortu baratzak ezagutzera animatu nahi zaituztet"

Horiek igarota, hiru bat kilometroko bidea eginda, basilika erromanikoan atseden hartu eta atzera begiratzeko momentua da. "Oroitzapen ugari ditut hemen. Ama eta hil berri den izebarekin etortzen ginen lehengusuekin meriendatu eta jolastera". Gogoetarako leku aproposa da, eta oraindik azalean ditu azken hilabeteetan bizitakoak. Koronabirusak gertutik astindu du Ibarrondoren familia, eta horrek guztiak utzitako arrastoaren inguruko hausnarketa egin du, laster argitaratuko duen liburuan. "Etengabe izan dut gaia buruan, ez da besterik izan, eta horiek paperean jartzeko beharra nuen". 

Zabalganeko basoan barneratzeko proposamena egin du Juan Ibarrondok. / E.Begiristain

Armentia ingurua inspirazio iturri bikaina izan daiteke, eta baita herria igaro eta basoan hasiko den hurrengo etapa ere. Armentiako basotik barneratuta Zabalgana auzoko basora, egurrezko zubia igarota, N-102aren gainetik. "Nire auzora helduko gara, eta bertan oraindik ezezaguna den baso eder batera; paseatzeko edota askaria egiteko leku oso atsegina da; askotan gerturatzen naiz bertara".

Zabalgana auzoa ezagutzera gonbidatu nahi ditu bisitariak, baina hango txoko guztien artean bat berezia da Ibarrondorentzat: "Auzokideek gestionatutako Zabalortu baratzak ezagutzera pasa zaitezkete nahi duzuenean, bertan dauden ortuzainekin solasaldia izan eta egitasmoa ezagutzeko". 200 bat lagunek dute ortua bertan, 50 lursailetan. 2015ean jarri zuten abian proiektua auzokideek fruitu eta barazkiak landatu, formazioa eta heziketa sustatu, eta gune soziokultural ezberdina sortzeko helburuarekin. Topaketa, integrazioa eta zeharkako jarduerak egiteko aukerari irekitako gunea da, idazleak azaldu duen moduan. Azken batean, ortuak aitzaki, auzoan kultura proiektu handiago bat antolatu eta gertuko produktuen kontsumoaren aldeko mugimendua bultzatu nahi dute.

Juan Ibarrondo, Zabalortuko baratzeetan. / J. Ibarrondo

Piperrak, letxugak, kalabazina, belar aromatikoak, arrosa ederrak... Ibarrondok berak ere hamaika ordu egiten ditu baratzean. "Gainera, pergola moduko bat jarri dugu, eta nahi izanez gero bertan merienda egiteko aukera daukazue. Animatu!". Eta ez hori bakarrik. Iaz egin bezala, aurten ere, "Ureztatu eta gero" egitasmoa antolatuko dute, eta hainbat jarduera izango dituzte hurrengo asteetan. "Baratzak ureztatu ostean elkartzen gara, 20:00etatik aurrera normalean, eta saio desberdinak egiten ditugu: musika, zinema, hitzaldiak...". Hurrengo egunetan lotuko dute uztailerako programa.

Auzoan bisita amaitu aurretik, inguruko bazterrak ezagutzera gonbidatu nahi ditu bisitariak Ibarrondok, eta, txoko guztien artean, lehengoratutako errekak ezagutzera. "Ezezagunak dira, eta uste dut merezi dutela bisitatxoa; ur askorik ez duten arren, landaredi ederra dute, eta bitxia da lehengoratzeko egindako lana".

Iaz bezala, aurten ere hainbat jarduera antolatuko ditu Zabalortuk. / Zabalortu

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago