Ezkutuko historia, 23.enean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko abu. 18a, 08:30
Gure Toki etxea edo Casa Goiko, Herrandaren kaleko 23. zenbakian. PHOT.OK

Garaiko abertzaletasunaren eta artearen pertsona nabarmena izan arren, aztarna gutxi utzi ditu Roman Goikoetxea eskultoreak Gasteizen; Herrandarren kalean euskal estiloan eraiki zuen etxea da bakanetakoa.

Sentsazio "traketsa" eragiten du Herrandarren kaleak. Fernando Bajo arkitekto ezagunak hala adierazi du behin baino gehiagotan; are gehiago, hori konpontzeko proposamen mardula aurkeztu zuen duela urte batzuk. Hiriko kale luzeenetarikoa da; antzinako Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen traza gorde du, eta aldi berean, hiriko ekialdeko etorbidearen funtzioa betetzen ari da. Gainera, Olagibeletik Ballester Apezpikura doan kaleak altuera desberdineko eta estilo askotariko eraikinak ditu albo banatan, eta zenbait etxe ikusgarri ere. Zirkulazioak, baina, ez du paisaia arkitektonikoa gozatzeko aukera handirik ematen.

Akaso horregatik, inor ohartu gabe igaro da azken ehun urteetan Herrandarren kaleko 23. zenbakian kokatuta dagoen eraikina. Gure Toki izena ageri da euskal estilo berrian eraikitako etxearen fatxadan, baina ziurrenik gasteiztar nagusienek Casa Goiko bezala ezagutuko dute.

1923. urtean eskatu zuen baimena etxea eraikitzeko, garaiko Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen Erdiko geltokiaren aurrean

Izan ere, Roman Goikoetxea Zaloña zizelkari, santugile eta eskultore otxandiarrak aginduta eraiki zuten etxea, 1923. urtean. Oharkabean igaro bada ere, eraikin historiko guztiek bezalaxe, zenbait istorio bitxi gorde ditu egurrezko balkoietan zintzilikaturik dauden gortinen atzean. Horietako batzuk etxearen eraikuntzari eta horretan islatutako arkitektura estiloari buruzkoak dira; beste batzuk hizlari eta militante jelkidearen bizitzarekin zerikusi zuzena dute.

Eraikina bera ikusgarria da, dorretxe itxura duelako eta inguru horretan 20. hamarkadan modan zegoen euskal estilo berrian egin zuten etxe bakarra delako. Gainera, estilo arkitektoniko erregionalistak markatzen zuen bezala, eraikinaren izenak "euskal izaerari" ere erreparatzen dio: Gure Toki. Berdin-berdin izan liteke Toki Eder, Argi Eder, Gure Etxola, Gure Izarra edo garai horretan Euskal Herriko burgesiak modan jarri zuen antzeko beste etxe-izen bat; baina gaurdaino Gure Toki edo Casa Goiko bezala iritsi da.

Euskal estilo berria

Arkitektura estiloaz gainera, etxeko jabearen lanbidearen, gustuaren eta ideologia abertzalearen erakusleihoa da eraikina: teilatu-hegal zabalak, txoritokiak, egurrarekin eginiko apaindurak eta forma ederrak, baserritarren aurpegiekin landutako harburuak, eta ateburuan lauburuak.

Goikoetxeak Aiztogile kalean zuen tailerretik Herrandarren kaleko 23. zenbakira mugitzea erabaki zuenean, arrastoa utzi zuen. Hain zuzen, 1923. urteko maiatzean eskatu zuen baimena etxea eraikitzeko, garaiko Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen Erdiko geltokiaren aurrean. Baina kokapenagatik atzera bota zuen eskaera Espainiako Tren Sailak hasiera batean, etxeak bide-zorra okupatzen zuela argudiatuz. Azkenik, ordea, urte bereko irailean etxea eraikitzeko baimena eman zioten. Bertan jarri zuen Goikoetxeak lantegia, eta bertatik atera ziren Euskal Herri osoan zabaldu diren tailuak, erretaulak eta santuen eskulturak.

Felipe Arreseren ikaslea

Otxandiar ospetsu batekin ikasi zuen Goikoetxeak egurra lantzen. Felipe Arrese-Beitia poeta eta eskultoreak Otxandioko bere tailerrean santuen irudiak eta aldare- erretaulak zizelkatzeaz gain, etorkizun oparoa zuten mutilei eskultore lanbidea irakasten zien, eta haietako batzuk Goikoetxea bera eta Isidoro Uribesalgo donostiarra izan ziren.

Arreserekin batera ikasitakoaren haritik, arte erlijiosoaren esparruan espezializatu zen Goikoetxea, eta bere lehenbiziko urratsak Gasteizko Katedral Berrian tailugile bezala egin zituen. Halaber, egurrezko ehunka altzari ere fabrikatu zituen Herrandarren kaleko bere tailerrean, 20. hamarkadaren hasieran.

Hain zuzen ere, 1919. urtean, Heraldo Alaves egunkariak horrela jaso zuen eskultorearen lana: "Roman Goikoetxea ebanisteria-tailerrean meritu handiko artelan bat eraikitzen amaitzen ari zela jakin genuen, eta hara jo dugu. Artista bikainak hartu gaitu eta merezi duen ospea berresten duten bere azken bi lanak erakutsi dizkigu. Gotiko estiloko aldare bat ikusi dugu, distiran eta matean urreztatua. On Mateo Mugika Burgo Osmako gotzainaren enkargua da, bere otoizleku pribaturako. Gero, gure adiskide Romanek euskal estilorik garbieneko armairu baten elementu sakabanatuak erakutsi dizkigu, azken xehetasunen faltan. Altzari hau benetan zoragarria da".

Garaiko EAJko militantea eta hizlari ezaguna izan zen Roman Goikoetxea, eta harreman handia izan zuen Izurrategi eta Urreiztietarekin.

Ospe handiko eskultorea izatea lortu zuen Gure Toki etxeko jabeak, eta hiriko ekitaldi nagusietarako ere kontratatzen zituzten bere obrak. Hala, 1916ko uztailaren 12an ordura arte Geltokiko kalea deitzen zenari Dato kalea izena eman zitzaion. Kalearen izena daraman plaka Goikoetxea eskultoreak egin zuen, eta merkatarien eta bizilagunen arteko harpidetza herrikoiaren bidez ordaindu zioten.

Halaber, Gasteizko Aste Santuan Gure Jaunaren Kofradiak ateratzen duen Gurutzea Bizkarrean izeneko pausoa ere Goikoetxeak landu zuen, 1926. urtean. 2.925 pezeta kostatu zuen orduan. Hiru urte beranduago, San Vicenteko elizan dagoen San Blas estatua zizelkatu zuen.

Gasteiztik kanpo, Donostiara ere zabaldu zituen hegoak Goikoetxeak. Bertako Karmeloen komenturako, adibidez, karroza baten proiektu artistikoa garatu zuen; eta Mariaren Bihotzeko Misiolarien eliza berriaren enkarguz ere erretaula bat egin zuen.

Eskultore eta santugile gisa egin zituen lanez bestalde, garaiko EAJko militantea eta hizlari ezaguna izan zen Goikoetxea. Horrenbestez, bere ibilbide artistikoan harreman handia izan zuen itzal handiko gizon abertzaleekin, eta haien aginduetara ere lan batzuk egin zituen.

Izurrategi eta Urreiztietarekin

Hala, 1925an, Balendin Berriotxoaren estatua etzanaren busto bat egin zuen Elorrioko Sorkundez Garbiaren parrokiako aldarean bertan jartzeko. Juan Izurrategik egin zion enkargua; idazlea, apaiza, eta berrogei urtez Elorrion erretore izandakoa. Jakina denez,1937. urtean atxilotu zuten Izurrategi frankistek, abertzalea izateagatik, eta handik urtebetera hil zen Espainiako Dueñasko espetxean.

Izurrategirekin bezala, Santurtziko Lezo Urreiztieta itsasgizon, independentista eta mugalariarekin harremana izan zuen Goikoetxeak, eta Jagi-Jagi taldeko kidearen lehen semearentzat egin zuen Bilboko Euskal Museoan gordetzen duten egurrezko sehaska.

Goikoetxearen obrak, gainera, gerra, erbestea eta iheslarien jabetzaren arpilatzeari aurre egin zien. Museoan jasota dagoenez, 1952an, Urreiztietaren anaia txikia bere familiarekin Santurtzira itzuli zen Kerrochetik (Bretainia). Familiaren iraganaren aztarnak bilatu zituen, eta Lezok bere seme-alabentzat agindutako sehaska aurkitu zuen Santa Eulalia kaleko 40. zenbakian, gurasoen etxean. Sehaska dohaintzan eman zuen museoan.

Bere jarduera politikoa medio 1936ko altxamenduaren ondorioz erbesteratu behar izan zen Gasteizko eskultorea

Arteak bezala, ideia politikoak eta militantziak markatu dute Gasteizko eskultorearen bizitza. Hizlari bezala egin zuen ibilbide oparoa oso goiz hasi zuen. Hala, 1908ko abuztuan Oñatiko batzokiaren inaugurazioan parte hartu zuen, Euzkadi elkarteko presidente Jose Arostegirekin batera. Halaber, 1910eko urrian, Lezaman, EAJren batzar batean ere parte hartu zuen, Auñamendi Eusko Entziklopedian jasotzen dutenez; eta Gipuzkoako hainbat herritan 1919ko otsailean gazte jelkideen erakundetzea sustatzeko batzarretan ere hizlari izan zen.

Aramaioko batzokiaren inaugurazioa

Aramaioko lehen batzokiaren inaugurazio iskanbilatsuan ere topatuko dugu Herrandarren kaleko artista, Leonzio Galdos gasteiztarrarekin batera, 1912ko abuztuan. Gainera, batzokia inauguratu eta handik hiru hilabetera Aramaioko EAJren kideek beste jai bat izan zuten. Abenduaren 8ko Andra Mari Sortzez Garbiaren egunean hain zuzen, Aramaiora bildu ziren jelkide ugari. "Gasteiztik, besteak beste, Luis Eleizalde euskaltzalea eta Roman Goikoetxea azaldu ziren, azken honek gramofono bat eraman zuelarik, euskal abestiak entzuteko aukera eskaini zuena", azaldu du Josemari Velez de Mendizabalek Aramaioko Batzokia: ehun urte liburuan.

Horrenbestez, eta bere jarduera politikoa medio, 1936ko altxamendua gertatu zenean eta Franco diktadoreak Espainiako gerra irabazi ondoren, beste hamaika abertzale bezala, Goikoetxea ere erbesteratu behar izan zen.

Erbesteratua

Santiago de Pablo historialariak El nacionalismo vasco en la posguerra: Alava, 1939-1955 liburuan jasotzen du Francisco Javier Landaburu politikariak Paristik Goikoetxeari buruz idatzitako hau: "Asko ezagutu eta tratatu dut, baita erbestean ere, Roman Goikoetxea izeneko gizon onbera hura, Sabino ezagutzera iritsi zena eta bizitza osoan kultu itsu bat eskaini diona. Goikoetxearen bizitza kristautasunaren apostoluen bizitza bezalakoa izan da; izan ere, esku-lanbidea predikua egitearekin tartekatzen zuen. (...). Arabako euskal abertzaletasunari buruzko artikulu bat eskatu didate, eta nahiago izan dut hasteko, arabarrez hitz egin beharrean, Eleizalde gipuzkoarrari, Rodriguez Juguera nafarrari eta Goikoetxea bizkaitarrari, hiru hildakoei, oroigarri bat eskaintzea, arabar abertzaletasunaren alde hainbeste egin baitzuten".

1950. urtean idatzi zuen Landaburuk artikulu hori. Ordurako hiru urte hilik zeramatzan Roman Goikoetxea Zaloñak, Herrandaren kaleko 23. zenbakiko Gure Toki eraikin ikusgarriaren diseinatzaile ezezagunak. Ehun urte beteko ditu aurki.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide