Ez da Olarizuko erromeriarik egongo 2020an

Erredakzioa 2020ko uzt. 29a, 14:06
Olarizuko erromeria 2021ean itzuliko da, osasun egoerak ahalbidetzen badu. / ALEA

Koronabirusak eragindako osasun egoeraren ondorioz, aurtengo Olarizuko erromeria ere bertan behera gelditu da, beste hamaika ekitaldi bezala. Hala ere, Gasteizko Udalak mugarrien bisita egingo du.

Irailaren 14an Olarizuko egunaren inguruan egitekoa zen jai-programa bertan behera uztea erabaki du Gasteizko Udalak. Egun horretan Eraztun Berdeko leku kuttun horretan ohikoak diren jende-pilaketak saihesteko asmoz hartu du erabakia.  

Olarizu mendiak eta haren azpiko larreek gutxienez urtebete itxaron beharko dute, 2021era arte, bildutako uzta eskertzeko nekazarien erritua gogoratuz egindako erromeria berriro ospatu ahal izateko. Orduan, berriro izango dira Olarizuko zelaietan jai giroko jarduera guztiak: besteak beste, ohiko babarrun-jana eta Olarizuko gurutzera igoera jendetsua.

Alabaina, 2020an ere udalerria inguratzen duten mugarrien urteroko ibilbidea egiteko ohiturari eutsiko dio Udalbatzak, alkatea basozain nagusi eta talde buru dela, 500 urtetik gora duen usadio administratiboa berretsiz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide