"Arraroa izango da abuztuaren 5ean gelan entseatzen egotea"

Mirian Biteri 2020ko abu. 1a, 08:00
Otsailean hartu zuen Luis Orduñak Gasteizko Udal Musika Bandako zuzendariaren kargua. GASTEIZKO UDAL MUSIKA BANDA

Uztailetik kalean bueltan da Gasteizko Udal Musika Banda. Zuzendari berriarekin egin du, gainera, itzulera; 2003. urtetik, tuba jotzaile moduan bertan "tarteka" lanean ibili den Luis Orduñak gogotsu ekin dio erronka berriari.  

Hilario Extremianak erretiroa hartu ostean, Gasteizko Udal Musika Bandako zuzendariaren behin-behineko kargua hartu zuen otsailean Luis Orduña nafarrak (Barañain, 1981). Betidanik izan du gustuko musika, eta horren inguruan prestakuntza handia du: Tubako goi mailako ikasketak, Ganbera Musika eta Orkestra Zuzendaritza egin ditu, besteak beste. Gasteizko Udal Musika Banda ederki ezagutzen du, 2003ko uztailetik tarteka ibili delako bertan lanean. "Ohore" bat da berarentzat gidatzea.

Ziur lehen hilabeteak ez direla zuk hasiera batean pentsatukoak izan, ala?

Inork ez zuen horrelakorik espero eta ez nuen uste hasiera horren irregularra izango zenik. Gogoan dut ostegun batean hasi nintzela eta egun horretan bertan entsegu orokorra izan genuela, eta hurrengo astean ikasleentzako zortzi kontzertu gidatu nituela; denak emanda hasi nintzen. Baina, Principal Antzokian eskaini behar genuen hurrengo kontzertua prestatzen ari ginela, pandemia heldu zen eta dena geratu zen, uztailera arte. Zulo handia utzi du egoera horrek.

Dena dela, musika banda ez da gelditu. Nola bete duzue zuloa?  

Entseatzen jarraitu dugu, eta herritarrei zuzendutako bideoak ere egin ditugu. Baina zaila izan da guztia kudeatzea, musika banda ezin izan delako elkartu. Egoera horretatik sortu zen bideoak egiteko aukera. Lehenengo, Etxean geratu izenekoa etorri zen, bakoitza bere etxean konfinatuta zegoenean; eta gero, Musiketxean talde txikietan elkartzen hasi ginenean, musika tresna ezberdinak ezagutzeko bideoak egin genituen. Baina, musikariok gustuko duguna elkartzea eta kontzertuak eskaintzea da.

Uztailaren 10ean bildu zineten berriro bertako publikoarekin, Covid-19ak eragindako nahitaezko geldialdiaren ostean. Uraren Lorategi Sekretuan izan zen kontzertua. Zelakoa izan zen itzulera?  

Espazio berriarekin asmatu egin dugu; lehen aldia zen bertan guztiok Uraren Lorategi Sekretuan batera jotzen genuela eta soinua oso ona izan da.

Arraroa, bereziki gure artean dagoen distantzia oso handia delako. Baina zortea dugu, Uraren Lorategi Sekretuan banda osoa sartzen delako. Tokia izan da berrikuntza nagusiena, eta, egia esan, espazioarekin asmatu egin dugu; lehen aldia zen bertan guztiok batera jotzen genuela eta soinua oso ona izan da. Dena dela, badu eragozpenik: ikusle kopurua mugatua dela, eta, hortaz, jende asko udal musika banda ikusi gabe geratzen ari dela. 

Kontzertu gehiago dituzue aurreikusita. Zeintzuk?

Abuztuaren 4an emanaldi berezia dugu Principal Antzokian, gure etxean. Urrezko Zeledon sari banaketa izango da egun horretan.

Abuztuaren 4an emanaldi berezia dugu Principal Antzokian, gure etxean. Urrezko Zeledon sari banaketa izango da egun horretan; Pilar Lopez eta Txema Blasco dira aurtengo saridunak. Urteak daramatzagu sari hauek antolatzen eta hitzordu berezia da. Abuztuaren 8an, Gasteizko jaietako Blusa eta Neska beteranoen egunean, nagusientzako kontzertua egingo dugu Uraren Lorategi Sekretuan. Ohiko jaietan, kontzertuak eguerdian izango lirateke, Florida parkean; aurten, tokiaz gain, ordua ere aldatu dugu: arratsaldean, 19:00etan dira. Bandarentzat oso festa arraroak izango dira aurtengoak, lanez lepo ibiltzetik bi kontzertu baino ez ematera pasatuko gara; Floridako eguerdiko ohiko kontzertuez gain, kaleko ekintzak ere faltan botako ditugu: goizeko dianak, adibidez. Baina, nire ustez, aurtengo gauzarik arraroena abuztuaren 5ean gure gelan entseatzen egotea izango da.  

Gasteizko "ez-jaien" ostean, oporrak hartuko dituzue...

Uztailetik irailera bitartean, denera, zazpi emanaldi ditugu aurreikusita ostiraletan, 19:00etan, Uraren Lorategi Sekretuan.

Bai, betiko moduan; saiatu gara ohiko egutegia jarraitzen. Irailaren 4an itzuliko gara udako programazioko 0 km-ko musika lelopean egiten ari garen zikloaren bigarren zatiarekin; uztailetik irailera bitartean, denera, zazpi emanaldi ditugu aurreikusita ostiraletan, 19:00etan, Uraren Lorategi Sekretuan. Azpimarratzekoa da sarrera erreserbatu behar dela doako ekitaldi horietara joateko, online, Udalaren webgunearen eta Entradium plataformaren bidez, edo 945-16 16 18 telefono zenbakian. Zorionez, udako programazioarekin hasi ginenetik, nahiko normala izaten ari da bandaren jarduera, beste talde batzuekin alderatuta; formatu txikian bada ere, guk emanaldiak eskaintzen jarraitzen dugu. 

Musika bandaz hitz egingo dugu jarraian. Banda gaztea da, batez besteko adina 40 urte ingurukoa da...

Bai, hala da. Banda 31 musikarik osatzen dute; horiei kudeaketa lanez arduratzen garen beste lau lagun gehitu behar zaizkie. Esan bezala, banda gaztea da, lan egiteko gogo handia duena, asko inplikatzen dena eta askotan gidoitik ateratzen dena. Azken hau bereziki garrantzitsua da, ohiko gauzetatik ihes egiten duen banda delako, eta egoera edozein izanda ere, ondo erantzuten duelako. Erronka berriei aurre egiteko gogotsu dagoen talde bat da Gasteizko Udal Musika Banda.

Urte osoan modu askotako lanak egiten ditu bandak egun, bere jardueraren barruan. Nolakoak dira horiek?

Asteroko entseguak lau egunez daude aurreikusita, ostiral, larunbat eta igandeetan programatutako emanaldiekin osatzen direnak. Irailetik maiatza edo ekaina bitartean, Principal antzokian eskaintzen ditugun kontzertuen denboraldia dugu; eta, hori amaitzean, udako programazioarekin hasten gara; horren barruan dago kalean egiten dugun Musika Aire Zabalean zikloa, aurten 0 km-ko musika zikloa bezala bataiatua izan dena. Horrez gain, ikasturtean zehar, ikasleei zuzendutako kontzertuak ditugu; ordu asko sartzen ditugu jarduera garrantzitsu horretan; eta hiriko musika eta dantza hezkuntza ikastetxeekin batera prestatzen ditugun kontzertuak ere badaude; koronabirusagatik datorren ikasturtean egitea aurreikusita ez daudenak. Bestetik, pertsona nagusiei zuzendutako beste jarduera bat ere badugu; Musiketxean bertan hartzen ditugu adinekoentzako zentro soziokulturaletako edo egoitzetako erabiltzaileak. Azken hau ere, zoritxarrez, ezin izango dugu egin epe laburrera begira, gure egoitza ez dagoelako behar bezala egokituta. Dena dela, egoera aztertzen gabiltza; nagusiekin dugun harreman berezi hori ez apurtzeko dauden aukera ezberdinak aztertzen ari gara. Bestalde, hiriburuan antolatzen diren bestelako jarduera kulturaletan parte hartzeko eskaerak ere baditugu, hala nola, jazzaldian edo magia jaialdian; gustura parte hartzen dugu horrelako proiektuetan. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide