Gizarte etxeek egokitutako 409 ikastaro eskainiko dituzte urritik aurrera

Erredakzioa 2020ko uzt. 28a, 14:25
Iparralde gizarte etxeko tailer bat. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko gizarte etxeetako udal jardueren programazioa hilekoa izango da, 18.110 plaza eskainiko dira eta ez da zozketarik egingo izena emateko. Irailaren 1ean irekiko da izena emateko epea.

Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodriguezek, Iñaki Gurtubai alkateordearekin batera, gizarte etxeen sarearen 2020-2021 kanpainako jarduera eta ikastaroen programazioa aurkeztu du aste honetan.

Hiriko gizarte etxeak martxoan itxi ziren, Covid-19aren pandemiaren ondorioz, baina zerbitzuek pixkanaka berreskuratzen hasi dira azken asteetan. Kasu honetan ere, kultura, hezkuntza, kirol eta gizarte jardueren programazioa krisialdi sanitarioaren beharretara egokitu dute udal sailek.

Pandemiaren beste agerraldirik egokituz gero bizkor erreakzionatu ahal izateko, ikastaro gehienek hilabeteko iraupena izango dute. Guztira 18.110 leku eskainiko dira 409 jardueratan parte hartzeko; aurten ez da zozketarik egingo lekuak banatzeko.

Bestalde, aurten ez da informazio-liburuxkarik argitaratuko -segurtasun arrazoiak direla eta-, baina zerrenda dagoeneko eskuragarri dago Udalaren webgunean, eta gizarte etxeetan bertan ere ikusgai egongo da.

Izen-ematea

Irailean hasiko da izen-ematea, eta lehenengo bi egunetan online eta 010 telefonoaren bidez bakarrik egin ahal izango da; horretarako, indartuko egingo da telefono bidezko arreta. Izena eman ondoren, gizarte etxeetara joan ahal izango da ordainketa egitera, webgunean bertan egin ez bada; baita libre geratu diren jardueretan izena ematera ere.

  • Irailaren 1etik 6ra bitartean, aurreko urteko ikasleek eman ahal izango dute berriro izena euskara ikastaro berean.

  • Irailaren 1etik 9ra bitartean, aurreko urteko ikasleek eman ahal izango dute berriro izena igeriketa ikastaro berean.

  • Gainera, irailerako bakarrik izango den kirol eskaintza egiten da —izena emateko epea irailaren 1ean hasiko da—.

  • Irailaren 7an, gainerako ikastaro guztietarako izen-ematea irekiko da.

  • Irailaren 14an Xtrakluberako izen-ematea hasiko da.

Prezioei dagokienez, %40ko murrizketa izango dute abonatuek, euskara ikastaroetan izan ezik; horiek beste murrizketa-irizpide batzuk baitituzte. Era berean, langabezian daudenek %15eko murrizketa gehigarria izango dute.

Borja Rodriguez zinegotzia eta Iñaki Gurtubai alkateordea. / GASTEIZKO UDALA

 

Prebentzio neurriak

Neurri espezifiko ugari hartuko dira Covid-19aren hedatzea saihesteko, hala nola, edukiera mugatzea, zirkulazioa kontrolatzea eta espazioa desinfektatzea. Eta gizarte etxeetara sartzeko gaur egun indarrean dauden arau sanitarioak bete beharko dira, orain arte bezala: maskara erabili, distantziak mantendu eta eskuak maiz garbitu.

Gainera, ikasleek edo begiraleek, saioa bukatzean, hamar minutuz lan-eremua desinfektatzen jardun dezatela erabaki ahal izango da. Halaber, jarduera batetik bestera gutxienez 15 minutuko tartea utziko da, sarrera eta irteeretan gurutzatzea ekiditeko, eta espazioak aireztatzeko. Gainera, kirol jardueretan nahitaezkoa izango da banakako oihala eta ur botilatxoa erabiltzea, kaleko oinetakoak kentzea eta kirol oinetakoak janztea.

77 kirol jarduera

Kirol programazioari dagokionez, 77 jarduera eta 9.560 leku izango dira guztira, urrian, azaroan eta abenduan: 1.377 leku haurrentzat, 205 leku gazteentzat, 6.069 leku helduentzat, 230 leku jarduera irekietan, 1.639 leku adinekoentzat eta 40 leku familientzat.

Aurreko urteetakoen aldean, hainbat diziplina berri izango dira: ibilaldi aktiboa eta teknologia tailerrean, jarduera fisikoa eta aplikazio mugikorren erabilera konbinatuko dituzte adinekoek; jarduera fisikoa eta zentzumenen memoria tailerrean, 60 urtetik gorakoak estimulazio kognitiboko lantegira joango dira, bost zentzumenak berreskuratzeko eta garuna aktibatzeko; horrez gain, jarduera fisikoa eta mindfulnessa edota cross training modalitateak egongo dira, hainbat adinetakoentzat.

149 kultur ikastaro

Udalaren urrirako kultur eskaintzaren barruan, jarduera artistikorako hastapen-ikastaroak daude. Guztira, 149 ikastaro eskaintzen dira, 87 espezialitatetan, haur, gazte eta helduei zuzenduta. Guztira, 1.838 leku egongo dira.

Bestalde, Udalaren Liburutegi Sareak irakurketa sustatzeko jarduera ugari eskainiko ditu, hala nola, haur eta helduentzako ipuin-kontaketak, solasaldiak, liburu-aurkezpenak… Irakurketa erraza lantzeko irakurketa-klub bat ere jarriko da martxan, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta. Gainera, liburutegi sareak berak eskainiko ditu behar diren liburuak.

Ludotekak, familiak eta adinekoak

Halaber, urrian, gizarte sustapeneko 156 jarduera eskainiko dira, gutxi gorabehera 1.879 lekurekin. Herritar orori zuzendutako jarduerarik ere izango da; guztira, 22 jarduera eta 346 leku: besteak beste, biodantza, ongizaterako topaketak, mindfulness.

Era berean, eutsi egingo zaio haurrei eta familiei zuzendutako jardueren eskaintzari. Guztira, 67 jarduera eskainiko dira, eta 789 leku. Arlo horretan, motibazioa eta ikasteko ohiturak lantzen dituzten jarduerak mantentzen dira, baita sozializazio-prozesua, emozioen adierazpena eta haurren ongizatea bultzatu nahi dituzten beste jarduera batzuk ere.

Ludoteka eta ludoklubetan ere izena emateko epea irekiko da. 143 txanda eta 1.951 leku eskainiko dira, 11 urte arteko haurrentzat.

Familiei eta gurasoei seme-alaben hezkuntza prozesuan laguntzeko jarduerak ere sartzen dira gizarte etxeen eskaintzan. Halaber, 3 urte arteko zein 4 eta 6 urte bitarteko haurren gurasoei hezkuntza-lanean laguntza emango die Senidegune programa; bilobak zaintzen dituzten aitona-amonei, haurdun dauden emakumeei eta horien bikotekideei ere zuzentzen zaie.

Azkenik, adinekoen sektoreari zuzendutako jarduerak mantentzen dira, guztira 32 jarduera eta 418 lekurekin. Bereziki, gaitasun kognitiboak hobetzen laguntzen duten jarduerak dira, zahartze-prozesu positiboa bultzatzen dutenak. Eskaintza horri guztiari, gainera, adinekoen zentro soziokulturalen jarduera-eskaintza zabala gehitu behar zaio: 234 talde eta, guztira, 2.692 leku.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide