Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza zerbitzu berezi bat antolatuko dute abuztuaren 4ko arratsaldean, Andre Maria Zuriaren plazara eta Plaza Berrira sartzea ekiditeko 16:00etatik 19:00ak arte, txupinazoaren ohiko orduetan. Bertan behera geratuko dira, halaber, inguru horretako terrazak eta mahaiak. Horrez gain, bertara ez joateko eskaera egin die Udalak herritarrei.
Neurri horiekin batera, Gorka Urtaran alkateak iragarri du polizia gehiago egongo dela Gasteizko kaleetan abuztuaren 4tik 9ra bitartean.
Gasteizko Udalean bildu den Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio-batzordean hartu dute erabakia. Bertan parte hartu dute Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiaga eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutierrez.