Atzo iluntzean gertatu zen hilketa, Gasteizko Haitz kalean. 21:00ak aldera, Udaltzaingoak dei bat jaso zuen Gamarrako industrialdean erabilerarik ez duen pabilioi batean "ustez hildako pertsona bat" zegoela esanez. Hara heltzean, 2o urte inguruko gazte baten gorpua aurkitu zuten, indarkeria zantzuekin.
Handik gutxira, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren hainbat patruilek adin bereko beste gazte bat atzeman zuten Errege-Erregina Katolikoen kalean, gertakarietan parte hartu zuelakoan. Ikerketa iturrien arabera, biek elkar ezagutzen zuten eta hilketaren atzean droga zor bat egon daiteke.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hildako gaztearen familiari eta gertukoei doluminak helaraztearekin batera, gertatutakoa deitoratu du: "Nire gaitzespenik irmoena eraso hiltzaile horri, baita gure gazteen artean droga sartzen duten pertsonei ere, zeinengatik hiltzen den eta batzuetan hiltzen zaituzten. Arraioa!", adierazi du ostiral goizeko lehen orduan, txio batean.
Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin taldeen botoekin, hilketa gaitzetsi du, eta elkartasuna helarazi die biktimaren familiari eta hurbileko pertsonei. Era berean, alderdi horiek gaitzespena adierazi dute "gure gizartean droga sartzen dutenen aurrean, horrelako ondorio lazgarriekin".