Eusko Jaurlaritzak eguneko zentroak ixtea erabaki zuen joan den larunbatean, koronabirusaren bigarren uholdea geldiarazteko. Erabaki horrek mendeko ehunka pertsonarengan eragindako egoera konplexua ikusita, Arabako Foru Aldundiak hiru eguneko zentro irekita mantentzea erabaki zuen: Zadorra, 15 plazarekin; Bizia, 14 plazarekin; eta Ariznabarra, 18 plazarekin. Helburua kasu larrienak artatzea zen; hau da, bakarrik bizi diren adinekoak edo euren familiak etxean zaindu ezin dituztenak.
Horietako batek, Gasteizko Abetxuku auzoan dagoen Zadorra zentroak ateak itxi behar izan ditu, balizko kasu positibo batengatik. Zentro horrek hamabost plaza ditu, eta bazkaria, merienda eta hainbat jarduera eskaintzen zizkien erabiltzaileei.
Balizko kasua atzeman ondoren, egoera aztertzen ari da Osakidetza eta PCR probak egingo dizkie zentrotik pasa diren pertsona guztiei, baita senide eta kontaktuei ere. Halaber, erabiltzaile horietako asko jantoki sozialetara joaten dira, eta horrek bilaketa lanak indartzera behartuko du Osakidetza.
Bitartean, Araban, bi eguneko zentro baino ez dira zabalik egongo, oraingoz: Bizia eta Ariznabarra, Aldundiak irekita mantendu dituen beste biak. Hartutako neurria badaezpadakoa da, baina, kasua baieztatuz gero, Zadorrak bi astez itxi beharko ditu bere ateak.
Orain arte, EAEko beste lurraldeetan baino eragin txikiagoa izan du Araban pandemiaren bigarren uholdeak. Azken egunean EAEn PCR proba bidez atzemandako 138 kasu positiboetatik dozena erdi baino ez dira Araban izan.