Euskal preso eta iheslarien gaineko salbuespen legedia amaitzea eskatu du LABek

Erredakzioa 2020ko uzt. 23a, 13:52

Elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Salbuespen legediarekin amaitzea "ezinbesteko urratsa" dela azpimarratu eta presoak etxeratzeko prozesua martxan jartzea eskatu dute.

"Euskal preso eta iheslariak etxean eta bizirik nahi eta behar ditugu", adierazi du LABek Gasteizen deitutako mobilizazioan. "Ezinbesteko urratsa da, gainera, gatazkaren konponbidean, bake eta bizikidetzaren bidean aurrera egiteko".

Sindikatu abertzalearen ustez, "bada garaia salbuespen legediarekin amaitu eta presoak etxeratzeko prozesua martxan jartzeko, jendartearen aktibazioarekin eta eragileok inplikazioarekin, Gobernua mugiaraziz".

Zentzu horretan, sindikatuak "babes osoa" adierazi die Sare eta Etxerat elkarteei, eta bat egin du Sarek antolatutako Izan Bidea egitasmoarekin.

Premiazko neurriak

Horrez gain, lau aldarrikapen zehatz mahaigaineratu ditu: preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzea; larriki gaixorik daudenak eta 65 urtetik gorakoak berehala askatzea; gradu aldaketak ahalbidetzea eta baldintzak betetzen dituzten presoak etxean egotea; eta, azkenik, bisitak egiteko eskubidea bermatzea.

Espetxeak pandemia garaian

LABek ohartarazi duenez, pandemiak "ondorio larriak" izan ditu espetxeetan: "Beste gobernu batzuek gaixotasunak dituzten presoak eta adinekoak askatu dituzten arren, euskal presoei dagokienez ez da horrelakorik izan".

Gainera, alarma egoeran presoei, senitartekoei eta hurbilekoei bisitak egiteko eskubidea ukatu zaiela ohartarazi du. Gobernuek salbuespenezko neurriei eta sakabanaketa politikari eutsi dietela salatu du sindikatuak. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide