Gasteizko Jaiak 2020

'Aurten ez': Gasteizko jaietan erantzukizuna bultzatzeko kanpaina

Erredakzioa 2020ko uzt. 23a, 13:00

Udalak eta Vital Fundazioak Aurten ez da tokatzen kanpaina aurkeztu dute, ospatuko ez diren Gasteizko jaietan erantzukizuna eskatzeko. Polizia gehiago egongo da eta ordutegiak pandemiaren bilakaeraren arabera moldatuko dira.

Covid-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, 2020an ez dira Andre Maria Zuriaren jaiak ospatuko abuztuaren 4tik 9ra, ezta Santiago Eguna ere uztailaren 25ean, eta herritarrei erantzukizun mezu bat helarazi nahi izan diete Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak, jai-ekitaldirik ez antolatzeko.

Aurten ez da tokatzen lelopean, jaien elementu sinbolikoenetara jo duen bideo bat argitaratu dute. Zeledonek, buruhandiek, osasun langileek eta Andre Maria Zuriaren Kofradiako ordezkariek, besteak beste, euren aterkiak jaso dituzte jaiak "aurten ez" direla ospatu behar aldarrikatzeko. Bitartean, Zeledonen abestiaren pianozko bertsioa entzuten da, ohi baino erritmo motelagoarekin.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Vital Fundazioaren lehendakari Jon Urrestik, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eta Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibañez de Opakuak aurkeztu dute kanpainaren irudia. Cantok azaldu duenez, esteañonotoca.eus webgunea martxan jarri dute jada, kontzientziazio-kanpainaren edukiak biltzeko.

Estibaliz Canto, Gorka Urtaran, Jon Urresti eta Arantxa Ibañez de Opakua. / @vitoriaGasteiz

 

Ordutegiak: pandemiaren bilakaeraren arabera

Bideoa argitaratzearekin batera, datozen egunetan "bizitzak salbatzeko osasun gomendioak errespetatzen jarraitzeko" beharra azpimarratu du Gasteizko Udalak. Gorka Urtaran alkateak adierazi du "ez dela tokatzen mundu guztiarentzako arriskua suposatzen duten jaiak ospatzea; ez dugu elkar hartu behar", eta "ardura kolektiboa" eskatu du.

Gainera, alkateak ohartarazi du jaietako egun nagusietan polizia gehiago egongo dela kalean -momentuz, uztailaren 24an eta 25ean, Santiago Egunaren harira-, baina pilaketak saihestea eskatu die herritarrei eta datozen egunetan segurtasun protokolo bat zehaztuko dute. Halaber, ostalaritzako ordutegiak pandemiaren bilakaeraren araberakoak izango direla argitu du Urtaranek.

Erabakia "tristura handiz" hartu duela azaldu du alkateak: "Azken asteetako erabakirik zailenetako bat izan da jaiak bertan behera uztea".

Azken egunetan gazteen arduragabekeriaren inguruan zabaltzen ari den zalapartaren harira, Jon Urresti Vital Fundazioko presidenteak gazte horien konpromisoa goraipatu du: "Arabako gazte gehienak eredugarri jokatzen ari dira. Uda galduko duten 18 eta 21 urte bitarteko gazte horien ahalegina eskertu behar da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide