33 ikuskizun eta izen handiak Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 45. edizioan

Erredakzioa 2020ko uzt. 22a, 13:18

Juan Diego Bottoren 'Una noche sin luna' estreinatuko da, besteak beste. / Arg.: SERGIO PARRA

Urriaren 7tik abenduaren 21era, 33 ikuskizun eta, besteak beste, Nuria Espert, Aitana Sanchez Gijon, Carmen Machi, Ernesto Alterio eta Juan Diego Bottoren lanak eskainiko ditu Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 45. edizioak.

2020ko Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 45. edizioa urriaren 7tik abenduaren 21era arte egingo da. Orotara 33 ikuskizun izango dira: horietako 21 euskal konpainiek eskainiko dituzte eta bederatzi euskaraz izango dira -ia %30-. Jaialdiak hartuko dituen lanetako batzuk bertan behera geratu ziren osasun krisia dela eta, baina berriro programatu dira.

Izen handiz betetako jaialdia izango da aurtengoa: Nuria Espert, Aitana Sanchez Gijon, Carmen Machi, Natalie Poza, Manuela Velasco, Ernesto Alterio, Ramon Barea, Juan Diego Botto eta Sergio Peris-Mencheta aktoreen lanez gozatzeko aukera egongo da, besteak beste. Gainera, antzerkigile ospetsu batzuk etorriko dira, hala nola Lluis Pascual eta Andres Lima.

"Gaur jaialdi ezberdina aurkezten dugu, zero kilometroko jaialdia, tokiko sortzaileen bandera-ontzia izateagatik gogoratuko dena, publikoari, artistei eta alorreko langileei antzokietan segurtasun eta normaltasun sentsazioa itzultzeagatik", adierazi du Estibaliz Cantok jaialdiaren aurkezpen agerraldian.

Kultura zinegotzi Estibaliz Canto eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti. / GASTEIZKO UDALA

 

Hiru estreinaldi

Egitarauak erabateko hiru estreinaldi hartuko ditu: adibidez, Proyecto Larruaren Ojo de Buey lanaren aretorako bertsioa, edota Una noche sin luna, Sergio Peris-Mencheta zuzendari eta Juan Diego Botto protagonista dituen lana.

Bertako ekoizpenari dagokionez, Sisiforen paperak, Gasteizko Principal antzokiak, Donostiako Victoria Eugenia antzokiak, Bilboko Arriaga antzokiak eta Centro Dramático Nacional zentroak elkarlanean ekoitzitakoa, euskaraz eta gaztelaniaz. Harkaitz Canok idatzi du, eta Iñaki Rikarte da protagonista, besteak beste.

Sorkuntza eszenikoa

Gainera, sorkuntza eszenikoari laguntzeko bi deialdiei eutsi die Antzerki Jaialdiak: alde batetik, Off Local -aurten zortzi lan ikusteko aukera emango duena-; eta, bestalde, Enred@dos.

Estibaliz Cantok azpimarratu duenez, "jaialdiak hizkuntza eszeniko berrien eta programazio ausartenen alde egiten jarraitzen du, bai dantza zein antzerki proposamenetan, baita JIM Aktual zikloan ere, zeinak antzezlan berritzaileenak biltzen baititu".

Familia osoarentzako antzerkia

Gasteizko Antzerki Jaialdiak familientzako lau antzezlan aurkeztuko ditu dantza zein antzerki formatuetan.

Horrekin batera, Kultura zinegotziak familiei zein haurrei zuzendutako berrikuntza bat iragarri du. Izan ere, haurrentzako Europako Mapping jaialdi batean lan egiten hasi da Udalaren Antzoki Sarea, Teatro Paraiso taldearen laguntzarekin. Horri esker, Gasteizko publikoak haur txikientzako proposamenez beteriko jaialdi handi batez gozatu ahalko du 2021eko azaroaren 19tik 28ra. Lehenago, 2020an, sortzaile, familia eta irakasleen arteko lantegia egingo da, 2021eko Mapping jaialdia diseinatzeko partaidetza-prozesua garatzeko.

Gainera, online topaketa bat egingo da, Titulartasun Publikoko Antzoki eta Entzunaretoen Espainiako Sarearen lankidetzarekin, esperientziak partekatzeko, eta Gasteizko Antzerki Jaialdiko Haurtxoak proiektua programaren ibilbidea laburtzeko; izan ere, egitasmo hori Euskal Herrian aitzindaria izan dela azpimarratu du Cantok.

Inaugurazioa

Antzerki Jaialdiaren 45. edizioa urriaren 7an, 8an eta 9an inauguratuko da, euskal sortzaileen zenbait proiekturekin eta estatuan arrakasta handia izaten ari den lan batekin. Horretarako, urriaren 7an, Proyecto Larruaren Ojo de Buey lana hartuko du Principal antzokiak, eta urriaren 8an, Prostitución, Carmen Machi protagonista duen dokumentu-antzerkia; urriaren 9an, berriz, Zanguazo Teatro taldeak Aquí va a pasar algo lan arrakastatsua eskainiko du.

"Udal Antzoki Sarearen publikoari ilusioa berriz ekarriko dion programazio gailen baten hasiera baino ez da izango", adierazi du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide