Abetxukuko bizilagunek etxebizitzak birgaitzeko diru laguntzak jaso ahal izango dituzte

Erredakzioa 2020ko uzt. 21a, 14:52

42 familia Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak galtzeko arriskuan zeuden. / GOOGLE MAPS

Gasteizko Udalak agindutako laguntzak iraila baino lehen eskuratzeko aukera emango die Abetxuku auzoko bizilagunei, etxebizitzak birgaitzeko lanak hasteko. Hortaz, ez dituzte Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak galduko.

Ana Oregi Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi eta 21 Zabalgunea elkarteko presidenteak astelehenean baieztatu duenez, iraila baino lehen diru laguntza horiek ematea ahalbidetuko duen tresna bat prestatuko du, Eusko Jaurlaritzaren Renove laguntzekin bateratu ahal izateko.

"Gure hirian birgaitzea beharrezkoa da, bereziki Abetxuko bezalako auzoetan", azpimarratu du Oregik. Gogorarazi duenez, Udalak 10 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu azken hamarkadan, birgaitzeari laguntzeko. Iraila baino lehen, eta 21 Zabalgunearen arau berria onartu aurretik, Udalak kudeaketa-gomendioa egitea proposatuko dio birgaitze-sozietateari.

Tresna horrekin, Abetxuku auzoko bizilagunen premia konpontzeko xedea du Gasteizko Udalak, eta udal aurrekontuaren kontura ordainduko dira laguntzak; 21 Zabalguneak agindu hori ezohiko kontseilu batean onartu beharko du.

Bestalde, Ana Oregik Laguntzen Arau berri bat adostearen garrantzia azpimarratu du. Tresna hori martxan jartzeko otsailetik ari da lanean, eta herritarrek etxebizitzak birgaitzeko laguntzak jaso ahal izatea ahalbidetuko du, "modu orokorrean eta baldintza malguagoekin". Gainera, iragarri du 21 Zabalguneak 1,3 milioi euro ordainduko dituela urria baino lehen, ziurtatu gabe dauden birgaitze-laguntzengatik.

42 familia laguntzarik gabe

Azken asteetan PPk salatu duen bezala, 2016an eta 2017an, 21 Zabalguneak Abetxukuko 42 familia animatu zituen beren etxebizitzak birgaitzera, udal-sozietatearen urteko laguntzak baliatuz. 21 Zabalguneko laguntzez gain, Eusko Jaurlaritzaren beste laguntza batzuk ere jasotzeko aukera zuten.

Eusko Jaurlaritzak 2018an eman zien diru laguntza, baina 21 Zabalgunearena itxaroten eta erreklamatzen ari dira ordutik, arrakastarik gabe.

42 familia horiek dagoeneko planifikatuta eta hitzartuta dituzte arkitektoekin egindako lanak, birgaitze-plan integral batean; planak barne hartzen ditu fatxada, teilatua, galdarak, leihoak, igogailua eta hezetasunak kentzea.

Gatazkaren gakoa da Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen jarraitu ahal izateko lanak irailean hasi behar direla; bestela, Jaurlaritzaren laguntza gal liteke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago