Espainiako pop musikaren zein Euskal Herriko musikaren izen ezagunenetako batzuen emanaldiak biltzekoa zen Cabaret Festival jaialdia ez da abuztuaren 1etik 12ra bitartean ospatuko. Erositako sarreren dirua automatikoki itzultzen hasi dira dagoeneko.
Jaialdia gehienez 1.000 ikusle hartzeko pentsatuta zegoen, baina "antolaketa zailtasunak" direla eta, bertan behera uztea erabaki dute sustatzaileek. Izan ere, berragerraldiak areagotuko diren edota jaialdiak antolatzeko murrizketak ezarriko diren beldur dira. Gainera, aitortu dute azken egunetan eta agerraldien gorakadaren aurrean "artista batzuen eta ikusleen kezka" nabaritu dutela.
"Une honetan aire zabaleko ekitaldien edukiera aldatu ez bada ere, inork ezin du bermatu pandemiaren bilakaeraren arabera datozen egunetan egin behar ez denik", adierazi du Nervion Flyn ekoiztetxeak; hala ere, ez du baztertu ospakizuna beste data batzuetan egitea, egoeraren arabera.
Cabaret marka duten beste hainbat hiritako emanaldiak mantendu dituzte; adibidez, Las Palmas Kanaria Handikoan edo Andaluziako hiri batzuetan.