Uztailaren 8an onartutako Errege Dekretuak zabortegietan biltegiratutako hondakinak murriztera bideratutako neurriak har daitezela bilatzen du, eta Eguzki talde ekologistak, arautegi berrian oinarrituta, Gasteizko Udalari Gardelegiko zabortegian egokitzapen zehatzak egin ditzala eskatu dio.
Lege berriaren arabera Zabortegian utzitako hondakinak pixkanaka murrizten direla bermatu behar da, "batez ere berrerabiltzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko egokiak" diren hondakinei dagokionez, eta Gardelegin indarrean dagoen kudeaketa eredua kritikatu du.
Gainera talde ekologistak gogorarazi du Gasteizek arazo larria duela baita Europako Zuzentaraua betetzeko ere. Horren arabera, hiri-hondakinen birziklapen kopuruak %50tik gorakoa beharko luke 2020rako, eta gaur gaurkoz horren erdia dela adierazi du Eguzkik.
Estatuko lege berriaren azken helburua da "Ekonomia zirkular baterantz aurrera egitea" , eta bat egiten du Europako Batasuneko araudian jasotzen denarekin: "Birziklatzea ez da garrantzitsua ingurumenarentzat bakarrik, baita gure ekonomiarentzat ere. Hondakinen kudeaketa hobetzen ari garen arren, material berrerabilgarri baliotsuak galtzen ditugu oraindik, hala nola metalak, egurra, beira, papera eta plastikoak."
Hala, hondakinen kudeaketa eredua berrikusteko eskatzen zaio Udalari eta hondakinen erabateko murrizketan sinistuta, azken helburua zabortegiaren itxiera beharko lukeela aldarrikatu dute.