Covid-19ak eragindako etenaldiaren ondoren, azkenik, ateak zabaldu ditu Florida parkeko Ignacio Aldecoa kultur etxeak. Behar besteko segurtasun neurriak tarteko eta gehienez 261 lagunentzat tokia izanik, astelehenetik ostiralera zabalik egongo da aurrerantzean, 09:00etatik 14:00etara.
Lehen solairuko Mediateka eta Haurren Liburutegia atalak eta bigarren solairuko mailegu eta kontsulta aretoa irekiko dira jendearentzat. Gainera, atal guztietako funtsetara zuzeneko sarbidea izateko aukera emango zaie erabiltzaileei, bai eta gordailu funtsetara sarbidea izatekoa ere, aldez aurretik eskatuz gero. Aldiz, oraindik eskuragarri egongo ez den zerbitzu bakarra egunkarien kontsulta da.
"Liburutegia espazio guztiz segurua izango da, gune partekatuen desinfekzioa eta garbiketa areagotu egingo ditugu; gainera, itzulitako liburuak 7 egun egongo dira berrogeialdian", adierazi du Ana del Val kultura foru arduradunak baina "edozein espaziotan bezala, herritarren erantzukizuna ezinbestekoa" izango dela gaineratu du.
Maileguan har daitezkeen materialei dagokionez ere, zerbitzuak larrialdi aurretik indarrean zeuden neurriak berreskuratu ditu (6 liburu, 3 multimedia eta 2 aldizkari). Baina segurtasuna bermatze aldera, erabiltzaileek eskuak desinfektatu beharko dituzte liburutegiko materialak edo ordenagailuetako teklatuak ukitu aurretik eta ondoren.