Gasteizko udako kultur programazioa, aire zabalean

Erredakzioa 2020ko uzt. 10a, 11:36
Lehen ikuskizunetako bat MICEren kontzertua izango da, uztailaren 15ean. / NOAUA

Astelehenetik aurrera erreserbatu ahal izango dira sarrerak Gasteizko aire zabaleko kultur programaziorako. Uztailetik irailera, bertako 34 taldek eta konpainiak doako 54 ikuskizun eskainiko dituzte orotara; horietako 18 euskaraz.

Doako 54 ikuskizun antolatu ditu Gasteizko Udalak uztailetik irailera bitartean, tokiko 34 talde eta konpainiaren eskutik: arte eszenikoen 18 konpainia, antzerkia, dantza eta magiaren arloan; 13 musika talde eta hiru bakarlari. Horietako 18 saio euskaraz izango dira.

Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok azaldu duenez, udako aire zabaleko kultur programaziorako sarrerak uztailaren 13tik aurrera egongo dira eskuragarri, eta ikuskizuna egitekoa den astean eskatu ahal izango dira gonbit-txartelak, lekuak bete arte.

Ikuskizunetara joan nahi dutenek online erreserbatu beharko dituzte sarrerak, Udalaren webgunean edo Entradium plataforman; bestela, telefonoz erreserbatzeko aukera egongo da ere, 945 16 16 18 zenbakian, 9:00etatik 15:00etara. Pertsona bakoitzak gehienez bi leku erreserbatu ahalko dira.

Lehenengo astean, zortzi ikuskizun egongo dira; egunero bi, asteartetik ostiralera:

Uztailak 14, asteartea

  • 19:30: Asier Kidam magoaren Aroak eta mirariak, Hegoalde gizarte etxearen kanpoaldean; euskaraz.
  • 20:00: Hutsun + Ortzi konpainien Urbasa, Arriagako parkean.

Uztailak 15, asteazkena

  • El Mono Habitado konpainiaren Gizaunka, Frai Zacarias kaleko Elurtegian; hiru emanaldi: 19:00etan euskaraz, 20:00etan gaztelaniaz, eta 21:00etan euskaraz.
  • 20:00: MICEren kontzertua, Salburuko Gabriela Mistral kirol-gunean.

Uztailak 16, osteguna

  • 20:00: Zanguango konpainiaren Al otro lado, Apaizgaitegian.
  • 20:30: Kike Loiolaren Humor en serio, Aranbizkarreko parkean.

Uztailak 17, ostirala

  • 19:30: D'Albeniz magoaren Boom clap, magia gara!, Zulueta jauregiko lorategietan; euskaraz.
  • 20:00: Outgravity taldearen kontzertua, Zabalganeko gizarte etxearen kanpoaldean.

Jarduera seguruak

Kultura Zerbitzuak ahalegin berezia egin du ekitaldietan parte hartzen dutenen segurtasuna bermatzeko. Besteak beste, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira sarbideak; sartzeko eta irteteko ibilbideak adieraziko dira, pertsonen arteko gurutzaketak saihesteko. Antolatzaileek pertsona bakoitzari zein eserleku dagokion adieraziko diote, iritsiera ordenaren arabera.

6 urtetik aurrera, maskara erabili beharko da esparrura sartzeko eta bertatik irteteko; soilik eseri ondoren kendu ahal izango da maskara. Ikusle bakoitzak bere maskara eraman beharko du.

Ikuskizun osoan zehar eserlekuetan egon beharko da, eta, antzezpena egiten den bitartean, esparrutik irten behar izanez gero, ezin izango da berriro sartu. Haurrak ezingo dira zutik egon, ezta esparruan zehar mugitu ere.

Familia edo tutoreak arduratuko dira adingabeek segurtasun-arau guztiak betetzeaz; bete ezean, esparrutik alde egin beharko dute. Irteera mailaka egingo da, antolakuntzaren argibideei jarraituz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide