Eider Garcia Durana

"Gorputza eta burua neurtu ditut 'El Conquis' saioan"

M. Buruaga / M. Biteri 2020ko uzt. 13a, 08:00

EITB-ko 'El Conquistador del Caribe' telebista saioan parte hartzea "erronka pertsonal" bat izan da Eider Garcia Durana gasteiztarrarentzat.

Amaitu berri den El Conquistador del Caribe telebista saio arrakastatsuan parte hartu du Eider Garcia Durana gasteiztarrak. Osakidetzan lanean dabilen erizain-laguntzaileak programan bizi izandako esperientziaz eta bere ohiko bizimoduaz egin du berba datozen lerroetan. 

Zergatik animatu zinen El Conquis-en parte hartzera?

Erronka pertsonal bat zen. Taldeka lehiatu izan naiz beti, baina, inoiz ez nire buruaren kontra. Lehen, 40 kilo gehiago neuzkan gainean; denborarekin pisua kentzen joan banaiz ere, oraindik ere zalantza asko nituen: tartean, astiro egiten nuela korrika edo gauza asko egiteko gai ez nintzela. Saioak nola nabilen frogatzeko aukera eman dit; gorputza eta burua neurtu ditut bertan.

Finalera heldu zara, beste bost taldekideekin batera. Gustura geratu zara egindakoarekin?

Gustura geratu naiz saioan egindakoarekin baina duelu gehiagotan parte hartu nahi nuen.

Bai, gustura geratu naiz baina duelu gehiagotan parte hartu nahi nuen. Programa osoan bi bakarrik egin ditut eta nik ondo pasatzen nuen dueluak egiten; saioa benetan bizi nahi baduzu, horrelakoak egin behar dituzu; adrenalina asko sortzen da horietan. Bestetik, aukera izan dut telebista saioak nola funtzionatzen zuen ikasteko, eta baita nik neuk zelan funtzionatzen dudan ere, eta pozik nago erantzunarekin.

Publikoaren saria jasotzeko atarian geratu zara...

Pena ematen du, 5.000 euro direlako. Baina, Mikel Perezek merezi zuen. Oso arerio ona nuen aurrean eta haren kontra galtzea niretzako ez da galtzea. 

Hilabete inguru eman zenuen Dominikar Errepublikan lehiatzen. Nolakoa izan da esperientzia?

Sentimendu guztiak hiruzpalau bider bizi dituzu egun bakar batean. 

Ikaragarria. Oso gogorra, baina aldi berean oso positiboa ere izan da. Maila guztietan neurtzen zara. Sentimendu kontrajarriak dituzu: egun batean oso pozik zaude eta handik minutu batzuetara, oso txarto. Sentimendu guztiak hiruzpalau bider bizi dituzu egun bakar batean. 

Zer izan da gogorragoa, alde fisikoa edo psikologikoa?

Psikologikoa. Gorputzak jasaten du ematen diozuna baina buruak ez. Zure buruak baietz esaten baldin badu, gorputzak egin egingo du; baina buruak ezetz esaten badu... 

Ordu asko dituzue gainera bertan pentsatzeko...

Hori da. Azkenean, egun batek 24 ordu ditu eta jokatzen, gehienez, lau ordu ematen dituzu, immunitate jokoa eta duelua, biak gehituta. Hortik aurrera, beste 20 ordu ematen dituzu ezer egin gabe. 

Zein izan da bizi izan duzun momenturik gogorrena? 

Finala izan zen nire esperientzia txarrena; ezin izan nuelako jokatu.

Finala izan zen nire esperientzia txarrena; ezin izan nuelako jokatu. Proba hainbat zatitan zegoen banatuta eta ni lehenengoan geratu nintzen, banderatxoa topatu ezinda. Bi ordu eman nituen bilatzen, ez aurrera ez atzera, eta ezintasun ikaragarria sentitzen duzu ezin duzulako jokatu. Bestetik, telebista saioa nahiko aurreratuta zegoela, eskuak eta hankak lotuta genituela egin genuen immunitate jokoa ere oso gogorra izan zen niretzako. 

Eta momentu atseginena?

Lehen duelua gainditzea; nire lehen neurketa pertsonala izan zen eta ondo egiteko gai nintzela ikustea oso positiboa izan zen. Momentu hori ikaragarria izan zen. Bestetik, zazpi astez joko guztiak galdu eta kanpamendu oso txiroan edo infernuan egon ostean, lehia bat berriro ere irabaztea izugarria izan zen. 

Harreman bereziak sortuko dira horrelako esperientzia batean, ezta?

Bai. Familia bat bezalakoa gara. Kontuan hartu behar da ordu asko eman ditugula batera eta harreman oso politak sortzen direla. Maja taldeko neska guztiekin eta Guaragua mutil taldekoekin oso harreman ona badaukat ere, Idoia ahizpa bat bezalakoa da; gainera, hasieratik amaierara egon gara batera. 

Errepikatuko zenuke?

Bai, zalantza barik. Saioak, dena dela, badu alde mediatiko bat horrenbeste gustuko ez dudana.   

Telebista saioa amaitu da dagoeneko. Ohiko bizimodua berreskuratu duzu dagoeneko?

Telebista saioak ezaguna egiten zaitu eta zerbait hartzera baldin bazoaz, adibidez, ez zaude lasai; jendea zuri begira dago.

Oraindik, ez. Saioak, alde batetik, zoriontsu egiteko gaitasuna du; baina, bestetik, esan bezala, ezaguna egiten zaitu eta zerbait hartzera baldin bazoaz, adibidez, ez zaude lasai; jendea zuri begira dago. Egoera horri, gainera, Covid 19 birusak sortutakoa gehitu behar zaio. Gauzak horrela, herrian nago bizitzen, eta oso gutxitan nator Gasteizera. Eta horrela jarraitzeko asmoa dut; negura arte behintzat han geratuko naiz. 

Eider Garcia Durana apur bat gehiago ezagutuko dugu jarraian. Errugbira jokatzen duzu.

Bai, sei urte daramatzat Gaztedin. Ikastolan nengoela, egun batean erakustaldi bat egitera etorri ziren; gustuko izan nuen eta probatzera animatu nintzen. Hasierako asmoa zen entsegu bat amaitzea gelditu gabe, baina pixkanaka, urtero helburu berri bat jarrita, norgehiagokak jokatzera heldu naiz. 

Margotzea ere gustuko duzu...

Hala da. Txikitatik gustuko izan dut. Erizain-laguntzailearen ikasketak aukeratu nituen tatuatzailea nahi dudalako izan, eta horretan nabil. Asmoa dut, baina presa barik

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide