Kirol jardueren sektorea murrizketen aurka mobilizatzen hasi da

Erredakzioa 2020ko uzt. 8a, 17:42
Asteazken honetan lehen elkarretaratzea egin dute Andre Maria Zuriaren plazan. / ALEA

ELA, LAB eta CCOO sindikatuak mobilizatzen hasi dira Gasteizen, eta kezkatuta agertu dira udako kanpainarako Udalak azpikontratatuta dituen kirol zerbitzuetan egindako murrizketengatik.

Gizarte etxeetako kirol jardueren programa, igerilekuak, frontoiak eta rokodromoak dira, besteak beste, Gasteizko Udalaren murrizketak jaso dituzten arloak, kirol jardueren sektoreko langileen ordezkarien arabera.

Azaldu dutenez, 2020-2021 ikasturterako kirol jardueren programazioan eta instalazioen ordutegietan aurreikusitako murrizketen berri ere izan dute. "Horrelako erabakiek ondorio kaltegarriak sortzen dituzte, bai langileentzat, bai zerbitzuen erabiltzaileentzat, lan baldintzen prekarizazioa eta kaleratze posibleak dakartzalako", salatu dute.

Udalari "motibazio ekonomikoak zerbitzuen kalitatearen eta lan baldintzen aurretik jartzea" leporatu diote. Sindikatuen arabera, zerbitzuen eskaintza eta kalitatea ere okertuko da, erabiltzaileen kaltetan.

Pandemiaren ondorioak

Bestalde, salatu dute Udalak ez duela enpresa kontratistei zor dien kalte-ordainak ordaindu, plantillen soldatak ordaintzeko, horretarako eskubidea duten arren, Covid-19aren ondorioz Udalarekin lotzen zituzten kontratuak bertan behera geratu ondoren. Izan ere, aurreko nominen ordainketan "atzerapen handiak" ematen ari direla salatu dute sindikatuek.

Gainera, azaldu dutenez, kirol-jarduerak eta zerbitzuak kudeatzeko azpikontratatutako enpresak "ziurgabetasun egoera horretan babesten ari dira" nominen ordainketak atzeratzeko eta ordutegiak, lan-egutegiak edo kontratuen klausulak aldatzeko.

Biltzeko eskaera

Sektorean ordezkaritza duten sindikatuek premiazko bilera bat eskatu diote Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasun Sailari, kalte-ordainen atzerapenagatik eta sektorea jasaten ari den murrizketengatik azalpenak eskatzeko. Oraingoz ez dute bilerarik lortu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide