Oier Urrutia preso gasteiztarra hurbiltzea eta hirugarren gradura pasatzea onartu dute

Erredakzioa 2020ko uzt. 7a, 18:12
Dispertsio politikaren aurkako mobilizazio bat Gasteizen. / ETXERAT

Espainiako Barne Ministerioak graduan aurrera egiteko eta Euskal Herrira hurbiltzeko baimena eman die astearte honetan hiru presori; horien artean Oier Urrutia preso gasteiztarra dago.

Oier Urrutia Gonzalez gasteiztarra 2009ko apirilaren 5ean sartu zuten kartzelan; 14 urteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, "erakunde terroristako" kide izatea eta "armak eta munizioak gordetzea" egotzita. 11 urte igaro ditu espetxean, hortaz, zigor osoaren zatirik handiena bete du dagoeneko.

Hirugarren gradua eman diote gasteiztarrari, Logroñoko espetxeko Batzordeak proposatu eta gero. Espainiako Gobernuko espetxe arloko erakundeak Zaballako espetxera ekarriko dutela adierazi du.

Urrutiarekin batera, Txus Martin - gaixotasun larria duen preso basauriarra- eta Sebas Etxaniz -EPPKaren kide zaharrena- presoei ere gradua eman diete, euskal presoen kolektiboak legediaren barruan abiatutako bidetik auzitegietan prozesu luze bat gainditu ondoren. Hirurak Euskal Herriko espetxetara hurbilduko dituzte.

Apirilean, Xabier Agirre preso gasteiztarrari ere graduan aurrera egiteko baimena onartu zion Espetxe Zuzendaritzak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide